Zubererazko argitalpenak gizarteratzeko hitzarmena sinatu dute Sü Aziak eta Euskaltzaindiak
Lehen testu horretan hiru xede nagusi agertu dituzte bi erakundeek
Zurekin
Asteazkena, 29 ekaina 2022, 16:40
Zubererazko argitalpenak euskal gizartearen esku jartzea da helburua, eta, horretarako, Sü Azia elkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena izenpetu zuten astearte honetan lehen aldiz. Euskararen Akademiatik jakinarazi dutenez, Jean Mixel Bedaxagar Sü Azia elkarteko presidentea eta Jean-Baptiste Coyos Euskaltzaindiaren buruorde eta Ipar Euskal Herriko ordezkaria Maulen elkartu ziren bi erakundeen arteko lankidetza asmoa hezurmamitzeko.
Sü Azia elkartea 1979an sortu zen Zuberoaz eta zubereraz agertu edo eginik izan diren lanak biltzeko eta ezagutarazteko. Hala, esan daiteke elkarteak Zuberoan egiten duen lana bat datorrela Euskaltzaindiak lurralde guztietan euskararen alde garatzen duen lanarekin.
Lehen hitzarmenean, hiru xede nagusi agertu dituzte bi erakundeek. Alde batetik, 2021ean zendutako Allande Socarros euskaltzain urgazlearen omenezko liburua elkarlanean argitaratuko dute: 'Allande Socarros. Euskal idazlan eta lekukotasunak'. Bestalde, 1887 eta 1914 artean agertu ziren Zuberoako almanakaren zenbaki guztiak (27 zenbaki) digitalizatu eta Euskaltzaindiaren eta Sü Aziaren webguneetan kontsultagai jarriko dira: 'Ziberoko Egünaria (1887-1914)'. Hirugarrenik, azaldu dute 1989an agertu zen Junes Casenave-Harigileren 'Hiztegia I Français-Eüskara Züberotar eüskalkitik' berrargitaratu eta Euskaltzaindiaren webgunean bertsio digitalizatua agertuko dela.
Maule-Lextarren egin den izenpetze ekitaldian pozik agertu ziren bi erakundeetako ordezkariak, «Zuberoatik, zubereraz euskararen aberastasuna eta ezagutza elikatzen jarraitzeko elkarlana garatzea eta indarrak metatzea ezinbestekoa delako».
Ildo horretan, Jean Mixel Bedaxagarrek Allande Socarrosen omenezko liburuaren garrantzia azpimarratu zuen, bai eta berak utzitako itzala ere: «Hainbeste lan egin du Allandek, trebea zen gai anitzetan, jakitate handia zuen eta oroz gainetik zuberera maite zuen eta bazekien zubereraz ongi izkiriatzen (...). Allande zutabe bat zen eta behar dugu haren ildotik aitzina joan. Liburu honekin, gazteek jakingo dute non-zer ikasi, betiere euskara aitzina joan dadin».
Jean-Baptiste Coyosek bat egin zuen Bedaxagarren hitzekin: «Lehen aldiz izenpetzen dugu hitzarmen hau Su Äzia elkartearekin, eta ikusiko da datorren urtean zer eginen dugun, baina jadanik badugu zer egin, beti Allande Socarros gogoan izanik», esan zuen.