Zigarroaren kea
Badago poesiaren bilakaeran analogiaren eta ironiaren mugimendu pendularra ikusten duenik. Planteamendu hau onartuz gero, 'Winston' izenburua duen Martin Etxeberriaren poema liburu hau inflexio puntuan kokatzen da. Izan ere, erroak analogian dituen poesia erakusten zaigu bertan, hitz poetikoaren bidez beste mundu batzuen presentzia azal-ezina agerian jartzeko ahalegina egiten delarik. Baina subjektu poetikoa jakitun da oso halako planteamendu erromantikoek dagoeneko ez dutela inora eramaten, pertsonak mugarik gabeko ironia existentzial batean murgilduta baitaude.
Etxeberriaren poemak irakurtzerakoan irakurlea berehala konturatuko da erreferentziaz beteriko poesiaren aurrean dagoela. Batzuk begi-bistakoak dira, adibidez, mitologia aipatzen delarik. Baina, esan bezala, poesia hau trantsizio puntuan kokatzen da eta erreferentzia mitologiko horiek erakusten dute mundu modernoa zenbat aldentzen ari den halako erreferentziek gordetzen dituzten barne misterioetatik. Beraz, erreferentzia mitologikoak, nolabait esateko, degradatuta agertzen dira, orain mitoak behinola izandakoaren oihartzun ia ulertezinak izango balira bezala. Beste erreferentzia batzuk ezkutuagoak dira, zeharkakoagoak, nahi bada. Edonola ere, batzuek zein besteek erakusten dute poesia ez dela ezerezetik sor-tzen, poetak ez duela jokatzen jainko batek bezala. Eta ez da jainkoen mezulari 'goi-arnastua' ere, klasikoren batek esango lukeen bezala. Mundu erreal batean mugitzen da, non heriotza existitzen den eta heriotzak besterik ez duen uzten bere atzean, zigarro baten kea bezalako oroitzapen lausoa. Eta ematen du mundu erreal horretan koka-tzen den gizakia udako arratsalde infinitu batean zehar mugitzen dela.
Liburu honetan hainbatetan errepikatzen den horren antzeko irudiek laburbiltzen dute orrialdeek uzten duten inpresioa: Melankolia eta nostalgia sentimendua, nerabezaroko ingenuitatearena, bakardadez zipriztindua. Eta ia oharkabean hedatzen den sentimendu hau adierazteko idazleak batzuetan surrealistak diruditen irudiak elkartu ditu, agian berez surrealistak ez direnak baina oso pertsonalak izateagatik irakurleari halakotzat aurkezten zaizkionak.