Zabalik Zinema Eraikitzen sailean izena emateko epea
37. edizioa 2020ko martxoaren 26an eta 27an izango da
zureki
Igandea, 10 azaroa 2019, 20:44
Zinema Eraikitzen ekimenak, Donostia Zinemaldiaren eta Cinélatino, Rencontres de Toulouse zinema jaialdiaren urteroko hitzordu bikoitzak, 37. edizioan izena emateko epea ireki du.
Postprodukzio-fasean zailtasunak dituzten Latinoamerikako film luzeak bukatzen eta nazioartean banatzen laguntzea helburu du ekimenak. Bi zinema jaialdietako batzordeetako kideek aukeratutako sei film profesionalen aurrean aurkeztuko dira filmen amaieran eta banaketan laguntza jasotzeko eta baita zinema jaialdietan egoteko aukera izateko ere.
Bere sorreratik, ekimen profesional honek Latinoamerikako film garrantzitsuenak amaitzeko eta komertzializatzeko aukera izatea ahalbidetu du eta sortzaile ugariren nazioarteko ospea bultzatu du (Jayro Bustamante, Ciro Guerra, Emiliano Torres, Pepa San Martín, Lorenzo Vigas, Mariana Rondón, Alejandro Fernández Almendras, Benjamín Naishtat, Sebastián Lelio, Amat Escalante eta Pablo Larraín, besteak beste).
Donostia Zinemaldiko azken edizioan, 35. Zinema Eraikitzen Toulouse saileko irabazleak, Jorge Riquelme Serranoren Algunas bestias filmak, Kutxabank-New Directors saria eskuratu zuen zuzendarien lehen edo bigarren film luzeen nazioarteko lehiaketan. Zinema Eraikitzen sailean parte hartu duten zenbait film beste hainbeste jaialditan saritu dituzte: Lucía Garibaldiren Los tiburones (World Cinema Dramatic Competition – Sundanceko zinema jaialdia, Zuzendari onenaren saria); Sofía Quirósen Ceniza negra (Kritikaren Astea – Canneseko cinema jaialdia); Sebastián Muñozen El Príncipe (Kritikaren Astea – Veneziako zinema jaialdia, Queer Lion Award); Théo Courten Blanco en blanco (Orizzonti – Veneziako zinema jaialdia, Zuzendari onenaren saria eta FIPRESCI saria); Armando Capóren Agosto (Donostia Zinemaldia, New Directors), edo Carlos Leninen La paloma y el lobo (lehenago izena zuen La estabilidad de los tres cuerpos, Cineasti del Presente – Locarnoko zinema jaialdia).