https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Woodstock bakea eta maitasuna uztartzen zituen jaialdiak 50 urte bete ditu

Woodstock bakea eta maitasuna uztartzen zituen jaialdiak 50 urte bete ditu

New Yorken burututako lehendabiziko edizioan 400.000 pertsona inguru bildu ziren

UNAI SARRIUGARTE

Woodstock bakea eta maitasuna uztartzen zituen jaialdiak 50 urte bete ditu. 1969. urteko abuztuan burututako lehendabiziko edizioak 400.000 bisitari bildu zituen New Yorken. Mugimendu hippyaren erakusleiho garrantzitsuenetarikoa izan zen makrojaialdi hau.

Harrezkero, hainbat izan dira jaialdi honen kutsua berpizteko egin izan diren saiakerak: 1979an, 1989an, 1994an edota 1999an. Hauetako askok ez zuten arrakasta handirik izan. Izan ere, iskanbila, sute, eta beste zenbait gertakari eta polemika izan ziren azkenengo edizioetan.

Aurtengo edizioa, jaialdiaren 50. urteurrenarena, arrakastatsua izango zelakoan zeuden antolatzaileak. Edonola ere, zenbait segurtasun arazok eta leku aldaketak jaialdia bertan behera utzi dute. Hori dela bide, bertan jotzeko iragarrita zeuden kartelburuek uko egin diote bertan jotzeari.

Lehendabiziko edizioa ikaragarria izan zen jende askorentzat. Bakezaletasuna eta maitasuna uztartu eta gerra eta gatazka ezberdinei aurre egiteko dinamika ezinhobea izan zen. Bestalde, beste askok makrojaialdien aitzindaritzat jotzen du Woostock.

Hiru eguneko iraupena izan zuen jaialdiak eta bertan 32 musika banda ezberdinek hartu zuten esku. 186.000 sarrera saldu bazituzten ere, jaialdian 400.000 pertsona egon zirela estimatzen da. Bertan nazioarteko musika talderik ospetsuenetarikoek hartu zuten parte: Jimi Hendrix, Joan Baez, Santana, The Who, Jefferson Airplane, Janis Joplin besteak beste.