'Una ventana al mar' filmaren aurrestreinaldia, gaur, Donostia Zinemaldiko EiTB Galan
Emanaldi berezia izango da 21:30ean Victoria Eugenia antzokian
El Correo.com
Asteazkena, 25 iraila 2019, 17:36
Miguel Ángel Jimenezen 'Una ventana al mar' filmaren aurrestreinaldia eskainiko da asteazken honetan Donostia Zinemaldiko EiTB Galan. Emanaldi berezia izango da 21:30ean Victoria Eugenia antzokian. Miguel Ángel Jiménezek (Madril, 1979) zuzendu du Emma Suárez protagonista duen drama erromantikoa. Euskal eta greziar koprodukzio hau Euskal Zinemaren Irizar sarirako lehian arituko da. Kinoskopil Film Produccion, Heretic eta Gariza Films ekoiztetxeen artean egin dute pelikula.
Baina zer kontatzen zaigu film honetan? Albiste batek bizitza aldatzen dionean, Mariak (Emma Suárez), berrogeita hamabost urteko Bilboko emakumeak, bere lagun minekin Greziara bidaiatzea erabakiko du, semea (Gaizka Ugarte) eta sendagileak aurka agertu arren. Bat-bateko erabaki batek Nisyros irlara eramango du: leku baketsu eta lasaia da, eta berehala etxean bezala sentituko da bertan. Irla ederra arakatu eta haren altxor ezkutuetan murgildu bitartean, Stefanos (Akilas Karafisis) ezagutuko du, eta ustekabean maitemindu egingo da. Errealitatetik ihesaldi laburra zirudiena zoriona lortzeko ustekabeko aukera bihurtuko da laster.
Greziako Nisyros irlan dago kokatuta filma. Indarrez eta itxaropenez betetako istorioa kontatzen du. Azkeneko aukerei, galerari eta heriotzari beldurrik izan gabe, beste pertsona baten maitasunaz babestuta aurre egiteari buruzko kontakizuna da.
Jiménezek Luis Moyarekin eta Koldo Gamboarekin batera idatzi du filmaren gidoia. Zuzendariak Nisyrosera egin zuen bidaia eta errealitateari buruz idazteko gogoa daude historiaren sorburuan. «2013ko udan, nire ama minbiziaren ondorioz galdu eta hiru hilabetera, Nisyrosen nengoen scooter baten gainean. Han egoteagatik eta nire lanarengatik ezagutzen nituen lekuengatik zortedun nintzela pentsatu nuen. Nire amak, behin, tratamendua uztea pentsatu eta urrutira eraman niezaion eskatu zidala oroitzen dut. Asmoa, ordea, ezerezean gelditu zen. Ziur nago Nisyros asko gustatuko zitzaiola amari», azaldu du Miguel Ángel Jiménezek. Gaur, beraz, omenaldi bezala har dezakegun bere filma ikusteko aukera izango da Donostia Zinemaldiko EiTB Galan.