Lau talde 24 ordutan; NBAko erokeriak
Dennis Schröder kexatu egin da, bere iritziz NBAko aldaketa sistema esklabotza modernoa delako
Zinemak bidea erakusten digu, arreta jarri besterik ez da egin behar. Zer errepikatzen digute poliziek Hollywoodeko film guztietan? «Isilik egoteko eskubidea duzu. Esaten duzun guztia zure kontra erabili ahal izango da». Dennis Schröderrek dio ez dakiela hori. Bera alemana denez eta han langileen eskubideak errespetatzen direnez... Beharbada azken Mundobasketeko MVPari ez zaio zinema gustatzen.
Argi dagoena da Pariseko Jokoetan Alemaniako banderaduna izandakoak garesti ordaindu dituela bere adierazpenak Luka Doncicek Lakersera eskualdatu ondoren. «Esklabotza modernoa da», esan zuen Golden State Warriorseko joko-antolatzaileak, Doncicek eta Anthony Davisek haiei inork ezer galdetu gabe beren lanpostuak aldatu zituztela jakin zuenean.
Askok uste dute arrazoi duela. Ez diet nik ezetz esango. Hala ere, jakin beharra dago Estatu Batuetan talde batekin sinatzen denean NBArekin eta ligako hitzarmenarekin ere sinatzen dela. Eta hitzarmen horrek ezartzen dituela lan-arauak. Horien artean, Doncicek eta Davisek pairatu dituztenak.
Sinplifikatzen badugu, jokalari hori NBAk kontratatuko balu bezala da, eta gero frankizietako bat langile horren eskubideak erosten dituena da. Hau da, enpresa bateko langilea zara eta sail jakin batean egiten duzu lan. Eta konpainiak beste sail batera bidal zaitzake.
Bidezkoa da? Ez asko. Doncicek 15 milioi dolarreko etxe bat erosi zuen Dallasen Los Angelesera bizitzera zihoala jakin aurretik. Noski, 15 milioi ordaindu ahal badituzu txabola batengatik, ez etorri negarrez mesedez. Kalifornia eguzkitsura ez da alokairuan joan. Pisu txikiak ez omen daude merkatuan kirolaki ospetzuentzat.
Arazoa da Schröderri inoiz eragin behar ez zion zerbaitek aurpegian eztanda egin diola. Adierazpenak egin eta egun batzuetara, Miami eta Warriors akordio batera iritsi dira Jimmy Butlerrek San Frantziskon joka dezan. Bada, Schröder trukerako txanpon gisa sartu da akordio horretan.
NBAko taldeen jabe zuri eta aberatsei ez zaie gustatzen esklabista deitzea, eta jokalariak eskuz esku bukatu du ahoa ez ixteagatik. Warriorsetik Miamira, ordu batzuk geroago Floridakoek Utahra bidali zuten eta albistea onartu aurretik Detroitera saldu zuten. Kontuan hartzen badugu abendura arte Netsentzat jokatzen zuela New Yorken... A ze ibilbidea!
Barregarriena da Detroitek oraindik bere kanporaketa negoziatzeko aukera duela, eta libre izanik, litekeena da jokalaria Lakersera joatea, Doncicekin. Dena da posible LAn. Kontuan izan behar da Lakersen bigarren fitxaketa, Williams pibota, ez dela inoiz iritsiko. Ez du azterketa fisikoa gainditu. Beraz, medikuek ezetz diote. Plaza publikoan begiratu ote zizkioten hortzak mutikoari?