Senperen bosgarren kolegioaren obrak abian dira, datorren ikasturtean irekitzea erronkatzat hartuta
2023-2024 ikasturterako Senpereko kolegio berrian 80-85 ikasle hartzea estimatzen dute, 6. mailako bi klase eta 5. mailako beste bi klase, hain zuzen ere
Unai Sarriugarte
Ostirala, 27 urtarrila 2023, 21:23
Senperen (Lapurdi) bosgarren kolegioaren obrak abian dira, datorren ikasturtean irekitzea erronkatzat hartuta. Hala nabarmendu du Seaskak Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, abenduan hasi zirelarik azpiegitura berriaren eraikuntza. Kolegioek bigarren mailako ikasleak hartzen dituzte, aste honetan aurkeztu dutelarik 40. euskarazko hezkuntza zentroa Iparraldean. Hortaz, aurtengo Herri Urrats jaialditik eskuratutako diru-laguntza proiektu honetara bideratuta joango da.
Gaur egun bitarte lau kolegio izan dira Ipar Euskal Herrian: Baionan, Ziburun eta Kanbon bana (Lapurdi), eta Larzabalen (Nafarroa Behera) bestea. Seaskako arduradunek mahaigaineratu dutenez, nahiz eta azken urteotan eraikin horiek handitu, kolegioak ikaslez gainezka daude, eta ezinbestekoa izan dute bosgarren bat eraikitzea.
Obra bi zatitan banatuko omen dute, ahalik eta azkarren hartzeko lehen ikasleak. 2023-2024 ikasturterako Senpereko kolegio berrian 80-85 ikasle hartzea estimatzen dute, 6. mailako bi klase eta 5. mailako beste bi klase, hain zuzen ere.
Hasiera batean 150 ikaslerentzako espazioa sortu nahi dute, eta gerorako helburua 300 ikaslera arte ailegatzea dute erronkatzat. Kolegio berri honetan Sara, Azkaine, Ahetze, Arrangoitz eta Senpere bertatik etorritako ikasleak bildu nahi dituzte.
Kolegioaren eraikuntza aurrera eramateko asmoz, Senpereko herriak Seaskari bermatu zion lursaila, Senpereko urmaelaren eta Amezpetu auzoaren artean dagoen eremua dugularik. Asteburuetan eta oporraldian ere herriari irekita egongo da kolegioaren aterpea. Horrez gain, urtero Senpereko lakuaren inguruan ospatzen den Herri Urratseko materiala gordetzeko bilgunea ere izatea aurreikusten dute bosgarren kolegio hauxe.