https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Poetaren bertsoak

Juan Mari Lekuona./
Juan Mari Lekuona.

Javier Rojo
JAVIER ROJO

'Bertsoak' izenburuarekin argitaratu da Juan Mari Lekuona poetak (1927-2005) bertsogintzaren alorrean egindako lanaren lagin ikusgarria, Jon eta Paulo Kortazarren ardurapean. Juan Mari Lekuonaren poesia lana euskal literaturaren esparruan gailurrean dagoelarik, bertsogintzan egindakoa bigarren mailan gelditu izan da, literaturaren eranskin baten moduan alegia. Lehenengo eta behin, esan behar da ahozko literatura beti izan zela Lekuonaren interesgunetako bat. Interes horretatik sortu zen literatura mota hori aztertu nahi duen edonorentzat oinarrizkoa izan beharko lukeen eskuliburua: 'Ahozko euskal literatura'. Helburu akademikoengatik burututako lan honetaz gain, Lekuona bertsoak sortzen ere aritu zen, eta bere poema liburu inportanteenetan horietako batzuk plazaratu izan dira, hori bai, poemen itzalpean, bertsoen kontua zerbait pertsonala edo pribatua izango balitz bezala.

Egilea
Juan Mari Lekuona.
Argitaletxea
Pamiela Iruñea, 2019 160 orr. 14,00 euro

Oraingo honetan Kortazartarrek Lekuonaren koaderno batzuetan bildutako bertsoak jaso eta argitara eman dituzte, hitzaurre interesgarria lagun. Bertso hauek irakurtzerakoan, zenbait ezaugarri hartu behar ditugu kontuan. Lehenengo eta behin, Lekuona bertsoak egiten zituenean ez zela aritzen bertsolari moduan, bertsogile moduan baizik. Eta kasu honetan diferentziak garrantzia du, bertsogilea izanik, ez baitzituen bertsoak inprobisatzen, bat-batean ikusleen aurrean botatzen. Horren ordez, bertsoak poetaren patxadaz atontzen zituen, zuzenketak-eta eginez, ahozko literaturaren ezaugarriak errespetatuta beti ere. Bigarren ezaugarria, metrikari ematen zion garrantzia izango litzateke. Bat-batekotasunetik urruntzen den neurrian eta bertsoak lasaitasunez sor zitzakeelarik, metrika moldeekin aukera desberdinak aztertu ahal izan zituen. Honen ondorio nabarmena, puntuaren alorrean erakusten duen aberastasuna. Hirugarrena ezaugarria gaiaren aldetikoa da. Bertsoak lagunarte txikietan eta askotan ospakizun pribatuetan kantatuak izateko sortu zituen, non erlijio giroak leku handia zuen.

Liburu honen bidez, idazle handia izan zenaren beste alderdi bat, publikoari begira itzaletan geratu zena, ezagutzeko parada izango du irakurleak, poetaren irudia osatuz.

Temas

Euskera