Poesia garaikidea gailenduko da Castillo Suárez euskaltzain osoaren sarrera-hitzaldian
Altsasun izango da ekitaldia uztailaren 1ean eta 'Maitasunaren botanika' izeneko antologia jorratuko du harrera ekitaldian
Leire Larrazabal
Igandea, 25 ekaina 2023, 01:02
Euskaltzaindiak irailean euskaltzain oso izendatu zuen Castillo Suárez idazle nafarra. Datorren uztailaren 1ean irakurriko du sarrera-hitzaldia Altsasun, bere sorterrian. Euskararen Akademiak osoko bilkura ospatuko du egun horretan, 10.00etan Altsasuko udaletxean, eta bi ordu beranduago, harrera ekitaldia izango da Lortia Kulturgunean.
Bertan, Altsasuko alkateak ongietorria egingo die bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera eta, ekitaldian zehar, Sahatsa eta Pi hirukoteak lagunduko ditu mintzaldiak. Ondoren, Castillo Suárezen txanda izango da eta bere bizitzan eragina izan duten poema liburuen berri emango du.
Altsasuarrak landareen bidez harilkatuko ditu guztiak, eta 'Maitasunaren botanika' izeneko antologia osatuko du. Miren Agur Meabe euskaltzain osoak erantzungo dio 'Zazpi gutun maitasunaren botanikari' izeneko hitzaldiarekin. Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egingo du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren amaieran, Altsasuko zortzikoa dantzatuko dute dantzari eta herritarrek.
Suárez Euskal Filologian lizentziaduna da eta toki-administrazioko euskara teknikaria ogibidez. Bere literatura lanari etorrita, batik bat, poesia lanak idatzi ditu: orain arteko bildumarik osatuenak 'Souvenir', 'Urtebetetze festa', 'Irautera', 'Elurra elurraren gainean' eta 'Alaska' izan dira. Azkenaldian, haur lilteraturan ere utzi ditu zenbait ale, horien artean, 'Ebelina mandarina'. Hainbat literatura sari eskuratu ditu eta testuetako batzuk zenbait hizkuntzatara itzuli dituzte. Euskaltzain urgazlea da 2016tik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea 2021etik.