Pirinioetako bi menditara igotzeko irteera antolatu dute Aramaion
Gran Facha eta Musales-era igoko dira parte hartzaileak urriaren 14tik 16ra, Orixol Mendi Elkarteak antolatuta
Paul Picado
Asteazkena, 28 iraila 2022, 19:23
Pirinioetako bi menditara igotzeko irteera antolatu dute Aramaion. Horrela, Gran Facha eta Musales-era igoko dira urriaren 14tik 16ra, Orixol Mendi Elkarteak prestatuta. Abiapuntua Aramaioko frontoia izango da, urriaren 14an, 18.30ean. Buelta, berriz, Baños de Panticosatik izango da, 16.00etan.
Asteburuko plana izango da, eta parte hartu nahi izanez gero, izena emateko azken eguna urriaren 9a izango da. Dena den, plaza kopurua mugatua denez, lehenbailehen egitea komeni da.
Esan bezala, Aramaioko frontoitik abiatuko dira, eta egun horretako gaua Piedrafita de Jacan emango dute. Afaria norberaren kontura izango da. Hurrengo egunean, Lasarratik abiatu eta Musales mendira igoko dira. Aragoiko Pirinioetan kokatuta dago, eta 2.654 metroko altuera du. Horren ondoren, Respomusora joango dira eta han emango dute gaua, aterpean.
Azken egunean, urriaren 16an, Respomusoko aterpetik abiatu eta ibilaldiko bigarren mendira igoko dira, hots, Gran Fachara. Erdialdeko Pirinioetan kokatuta dago, Frantzia eta Espainia artean, eta 3.005 metroko altuera du. Tontor horretatik, Baños de Panticosara joango dira, eta hortik abiatuko da itzulera, 16.00etan, Aramaioraino berriro.
Irteeraren prezioari dagokionez, Orixol Mendi Elkarteko kideek 100 euro ordaindu beharko dituzte; bazkideak ez direnek, berriz, 110 euro. Bestalde, prezio horren barruan sartuko dira lehen egunean Piedrafita de Jacan emango duten gaua, hurrengo eguneko gosaria, afaria eta Respomusoko aterpean emandako gaua, eta azken egunean Baños de Panticosan, goizean egingo duten gosaria. Autobusa ere barne hartzen da.
Horrenbestez, irteeran parte hartu nahi bada, aldez aurretik izena eman beharko da. Horretarako, inprimaki hau bete beharko dute interesdunek. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, behin izena emanda, gerora bajak gertatzen badira, ez dute bermatuko dirua itzuliko dutenik.