«Euskara modu ludiko batean zabaltzen gabiltza, bertsolaritza horretarako tresna ederra baita»
Peru Abarrategi, Arabako bertsolari txapelduna ·
'Ezina ekinez egina' euskal leloa maisuki datorkio Aramaioko gazteari, 2022koa bigarren aldia baitu Arabako lurralde historikoko bertso final handian lehiatzen delaUNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 14 ekaina 2022
Peru Abarrategi Sarrionaindia aurtengo Arabako Bertsolaritza Txapelketaren garaile bilakatu da. «Ezina ekinez egina» euskal leloa maisuki datorkio Aramaioko gazteari, 2022koa bigarren aldia baitu Arabako lurralde historikoko bertso final handian lehiatzen dela.
Txikitatik bertsogintzaren zale amorratua izan da, 11 urterekin Aramaioko Bertso-eskolan ikasle abiatu zelarik, Idoia Beitia eta Garazi Eriz irakasle zituela. Arabako Eskolarteko Txapelduna izan zen 2013an eta 2014an, eta, urte hartan esku hartu zuen lehendabiziko aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Gaur egun, aldiz, Hala Bedi irratiko Bertxoko saioaren esataria da, bertso udaleku eta bertso-eskolako irakaslea izatearekin uztartzen duelarik.
-Zer izan da zuretzat 24 urterekin baino ez Arabako Bertsolari Txapelketa irabazi izana?
-Pribilegiatu bat izan naiz, azken orduotan zoramen bat izaten ari da. Hitz gutxitan, amets bat, uste baino askoz lehenago iritsi dena, eta, ahal den heinean, disfrutatzea espero dut.
-Arabako bertsolaritzari etorkizun oparoa opa al diozu? Etorkizun horretan euskara hizkuntzak eta bertsolaritzak batera joan behar al dute?
-Arabako bertsolaritzak etorkizun oparoa izango du, hainbat urtetako lanketa baitago atzetik. Bertsotan gaur egun Arabako hainbat gazte daude, gero eta jende gehiago, eta oso maila onean gainera. Bertsolaritzaren bidez euskara modu ludiko batean zabaltzen gabiltza, bertsolaritza horretarako tresna ederra baita.
-Txapela jada jantzita, zeintzuk dira etorkizun hurbil bati begira dituzun erronkak?
-Txapel honek Euskal Herriko Txapelketa Nagusira joateko aukera emango dit, final laurdenetan parte-hartuko dudalarik. Saiatuko naiz ahal dudan guztia ematen, ez baitakit egoera horretan berriro ere egoteko aukera izango ote dudanik etorkizun hurbil batean.
-Zelan ospatu duzu zure lehendabiziko txapela?
-Aldrebes egin dut, lehenengo ospatu egin nuen, eta gero gerokoak. Gasteizetik ibili ginen ospakizunetan eta azken egunotan hedabideei erantzuten eman dut denbora.
-Zeintzuk izan ziren Serapio Lopezek txapela jarri zizunean esandako hitzok?
-Aurretik dut harremana berarekin, asko poztu zen, kristolako tipoa da, super umoretsua, artista bat. Bota zuen bertsoan ere bere umorea islatu zuen, «nire seme alabek jakin dezatela, Serapio Lopezek jarri zidala txapela».
-Umorea eta bertsolaritza batera joan behar direla uste al duzu?
-Biek elkarrekin zerikusi handia dute. Pertsona askok esan didate hobeto ikusten nautela umorearen esparruan abesten, serio erregistroan baino. Baina, biak uztartu beharko lirateke bertsolaritzaren barruan nire ustez.
-Zer esango zenieke oholtzaren aurrean nahiz atzean dauden eragile ezberdinei?
-Arabako bertso ekosistema ez da oso jendetsua. Komunitate oso txikia gara, eta, harreman oso estua dugu. Askok erakutsi didate beraien poza, eta esker oneko hitza bakarrik dut beraientzat, beraiek zabaldu baitzidaten bertsogintzaren mundua. Jarraitzeko aupada ematen diet, bide ederra egiten ari baitira.
-Finaleko sei bertsolarietatik lau Aramaiokoak zineten. Hainbeste afizio al dago bertan?
-Oso harro nago herrian dugun bertso eskolaz, pasatu garen laurok mimo askoz prestatu dugu txapelketa, lan eskerga handia egin izan baitugu. Alde horretatik, pribilegiatu hutsak gara, oso eskola potente eta osasuntsua baitugu Aramaion, oso harro nago eskola honetaz.
Manex anaiak bertsotan egiten du, hirugarren anaiak baita. Zelan bizi duzue bertsogintza etxean?
- Aita eta ama betidanik bertsozaleak izan dira. Lehengusuak ere ditugu bertsolaritzaren munduan, eta nahiko modu berezian bizi dugu bertsolaritzaren rolla. Elkarri babesa ematen diogu, bai anaiok, baita lehengusuok ere. Familia dena inplikatu dugu bertsolaritza saioetara bertaratzeko hauxe momentu ederra da familiarentzat.