Patxi Goenaga euskaltzain emeritu bilakatu da
Azpeitiarrak 75 urte bete zituen maiatzean, eta, orain, euskaltzain osoek hurrengo bi bilkuretan proposamenak egiteko aukera izango dute. Bere ordezkoa irailean hautatuko da
Zurekin
Viernes, 26 de mayo 2023, 18:12
Patxi Goenaga filologo azpeitiarrak 75 urte bete zituen maiatzaren 5ean eta euskaltzain emeritu bilakatu da, Euskaltzaindiaren barne arauek agintzen duten bezala. Hala jakinarazi du euskararen akademiak ohar baten bitartez eta, orain, euskaltzain osoek Patxi Goenagaren hutsartea betetzeko proposamenak uztailaren 1eko eta 21eko osoko bilkuretan aurkeztu ahal izango dituzte. Horren ondoren, irailean Iruñean izango den hirugarren bilkuran egingo da hautaketa.
Azpimarratzekoa da euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dutela, eta, proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar direla xeheki.
Goenagari dagokionez, oinarrizko ikasketak Azpeitian, Xabierren, Salamancan eta Bilbon egin zituen. Filosofia eta Letren lizentzia 1974an burutu zuen Deustuko Unibertsitatean, Filologia Erromanikoa espezialitatean, eta Euskaltzaindiaren D (1972) eta B (1977) mailako tituluak eskuratu zituen. Euskal Filologiako doktoregoa, berriz, 1984an Euskal Herriko Unibertsitatean, Koldo Mitxelenak zuzendutako tesiarekin, euskal sintaxiaz. Bilbo Aurrezki Kutxak ikerketa saria eman zion urte berean lan horregatik.
Bilboko Karmelo Ikastolako zuzendari izan zen 1974-1976 artean, Santutxu auzoan. 1976tik 1980ra Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean (EUTGn) aritu zen eskolak ematen, sintaxiaren esparruan bereziki, halaber, bertako Hizkuntza Eskolako zuzendari zela.
Hortik aurrera Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologia saileko irakasle izan da: lagun (1980-1982), laguntzaile (1982-1985), tituludun (1986-1991) eta katedradun 1991tik aurrera, 2011n erretiroa hartu arte.
Euskararen erabilera unibertsitatean arautzeko 1983an sortutako Euskara Batzordeko buruorde izan zen. Orobat, EHUko Letren Fakultateko dekanoorde (1986), dekano (1986-1990), Arabako campuseko errektoreorde (1991-1995) eta Euskal Filologia sailburu (1999-2001) izan da.
Orobat, biltzar nahiz ikastarotan (Euskal Herrian, Espainian, Georgian, Mexikon, eta abar), doktorego tesien zuzendaritzan eta dirulaguntza ofizialeko ikerketa egitasmotan parte hartu du. UZEIren hiztegigintzan parte hartu zuen, eta Eusko Ikaskuntzako kide da.
Lan ugari argitaratu ditu
1978an Gramatika bideetan liburua argitaratu zuen, Noam Chomskyren gramatika sortzailearen eredura egindako euskararen lehen deskribapen eta azterketa sistematikoa. Aldi berean, liburuak euskal hezkuntza eta irakaskuntzan sumatzen zen premia handi bati erantzun zion. Bilboko Galería del Libro liburudendak Zilarrezko Lauburua eman zion 1979an, liburuak izandako arrakastagatik. Lehen argitaraldia agortu egin zen berehala eta geroztik beste bi aldiz berrargitaratu da.
Euskaltzaindian, erakundearen idazkari gisa (1996-2002) izan dituen lan eta ardurez gain, bereziki gramatikaren alorrean (EGLU bilduma, 1985-2011) garatu du bere lana, eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde izan zen 2002-2005 bitartean, Eusko Legebiltzarraren VII. legegintzaldian.
Hizkuntzalaritzaren alorrean lan ugari argitaratu ditu gai hauen inguruan: euskal gramatika, sintaxia, morfologia, gramatika sortzailea eta abar. Eusko Ikaskuntzaren Oihenart aldizkariko (1994-1995) eta Euskaltzaindiaren Euskera agerkariko (2009) aholku batzordeko kide izateaz gain, beste agerkari askotan ere idatzi ditu artikuluak: ASJU, RIEV, Arbor, Procesamiento del Lenguaje Natural, Hrvatska Revija, Elhuyar, Mundaiz, Egan, Jakin, Anaitasuna, Zeruko Argia, Egin, Herri Arduralaritzazko Euskal Aldizkaria, Administrazioa Euskaraz, Euskaldunon Egunkaria, eta abar.
Hurrengo sari eta ohoreak izan ditu: Bilboko Galería del Libro-ren Zilarrezko Lauburua (1979), Bilbo Aurrezki Kutxaren Resurreccion Maria Azkue Saria (1984) eta Azpeitiko Udalaren omenaldia Patxi Altunarekin batera (2001). Julio Urkixo Euskal Filologia Mintegiak Gramatika jaietan Patxi Goenagaren omenez liburua eskaini zion 2008an.
Hori nahikoa ez balitz, orain euskaltzain emeritu bilakatu da, Andoni Sagarna, Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Patxi Uribarren eta Ibon Sarasolaren zerrendara gehitzeko.