https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaiko Taldekakoak 200 parte-hartzaile inguru izango ditu

Mikrofonoa, eszenatokian./Fotolia
Mikrofonoa, eszenatokian. / Fotolia

Eskualde guztietako bertsolariek parte hartuko dute txapelketan. Lehenengo fasea martxoaren 25era bitarte jokatuko da, bigarrena maiatzaren 13ra arte. Finala, hilaren 25ean jokatuko da, Bizkaiko eskolartekoarekin batera

AMALIA IBARGUTXI

Guztira 21 taldek eman dute izena Bizkaiko Taldekakoan, eta 200 parte-hartzaile inguruk parte hartuko du bertso txapelketan. Bizkaiko eskualde guztietako ordezkaritza dago, «bertsolaritzaren oinarria indartzeko prest». 2017an egin zen lehenengoz, eta bigarren edizioa izango da aurtengoa; hiru fasetan jokatuko da txapelketa. Finala, maiatzaren 25ean izango da.

Parte hartzaileen perfila «anitza da oso», antolatzaileek jakinarazi dutenez. Oso gazteak direnak, beteranoak, aspaldi bertsotik aparte ibili direnak, hasi berriak, Bizkaiko Txapeldunak, Txapelketetan parte hartu dutenak, edo sekula parte hartu ez dutenak. Helburua aniztasun hori lortzea zen, eta lortu dutela uste dute.

Batez ere, bertsolari hasi berriei plazarako bidea erraztea, eta arrazoi desberdinengatik ohiko Txapelketan parte hartzeko motibaziorik ez daukatenei aukera desberdin bat eskaintzea. Horrez gain, antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile berrien sorrera ere bultzatuko da, bertso eskola eta zaleenarekin batera.

Talde bakoitzak epaile bat edukiko du, eta publikoaren iritzia ere kontuan hartuko da. Saio bakoitzaren ondoren, hiru taldeetatik zeinek egingo duen aurrera erabaki beharko dute denen artean. Lehenengo fasea martxoaren 25era bitarte jokatuko da. Data horretan jakingo da zein taldek osatzen duten hurrengo fasea. Bigarren fasea martxoaren 27tik maiatzaren 13ra izango da. Finala maiatzaren 25ean jokatuko da, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera.

Bertso eskolak indartu

Taldekakoaren bitartez oinarrian eragin nahi dute, hau da, bertso eskolak eta eskualdeak indartu. Horregatik, lehiaketa giro informalean eta jai-giroan gauzatzea da helburua.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, «Bizkaiko bertsolaritzaren ekosistema osoa, eskualdez eskualde, eta etenik gabe elikatzeko» daukan helburuarekin sortu zuen txapelketa hau, baita, bertsogintzaren oinarria «motibatu, finkatu eta garatzeko».

Horrela, taldeak, gutxienez, sei lagunekoak izango dira, nahiz eta 8-10 ingurukoak izatea gomendatzen den. Taldeek, beraz, partaide gehiago ere eduki ditzakete, baina saio denetan egon beharko dute gutxienez bertsolari, gai-jartzaile, epaile eta laguntzaile lanetan aritzeko.

Taldekakoaren irudia Malen Amenabar Larrañaga bertsolari eta ilustratzaileak egin du. Berak ere parte hartuko du lehiaketan. Durangoko Azokako aurtengo kartelaren sorreran ere parte hartu du, Txakur Gorria kolektiboaren baitan.

Temas

Euskera