Palestina, Sardinia, Eskozia eta hemengo taldeak, Galdakaoko Musika Bizian jaialdian
Apo & the apostles taldea Palestinatik etorriko da eta Iturrondo plazakooholtzan arituko da, urriaren 25ean
Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak ohiturari eutsiz, aurten ere Musika Bizian estaturik gabeko herrialdeen arteko musika jaialdia antolatu du, Udalarekin elkarlanean, urriaren 24 eta 25erako, Galdakaoko Iturrondo plazan.
Antolatzaileen arabera, hainbat herritatik etorritako taldeak igoko dira oholtzara. Ostiralean, 24an, esaterako, Eskoziako Imar eta Euskal Herriko Korrontzi arituko dira. Larunbatean, 25ean, aldiz, Sardiniako Nur-ekin batera, Palestinako Apo & the apostles eta Euskal Herriko Xutik oholtzaratuko dira. Beraz, «orotariko estilo entzun ahal izango dira Galdakaon», esan dute.
Hala ere, kontzertuez gain, egunean zehar ere izango da zertaz gozatu, ostiral arratsaldean Taberna Ibiltariak irekiko baitu jaialdia, euskal kanta tradizionalekin. Larunbatean, berriz, goizerako luthier eta musika azoka antolatu da, ohi bezala. Gainera, nabarmendu dutenez, «umeentzako musika tresna tailerrak, musika tresnen erakusketa eta kale animazioa ere egongo dira denen gozagarri».
Galdakaoko udaletik gogorarazi nahi izan dute «urtero bezala, Musika Bizian jaialdiak herri eta hizkuntza zapalduen bozgorailu» izan nahi duela, beste herrialde batzuetako musika, kultura eta hizkuntza erakutsi nahian. Musikak Euskal Herriarekin antzeko egoeran dauden herrien ikusgarritasuna handitzeko eskaintzen duen aukeraren jakitun, Andra Mari taldeak 2014an antolatu zuen jaialdia lehen aldiz. Izan ere, «taldeen helburuetako bat betidanik izan da euskal kultura plazaratzea, eta horretan dihardute oraindik orain», amaitu dute.