'Osasuna, dirua eta maitasuna' izeneko umore grafikoko erakusketa Amorebietan
Ikusgai izango den azkeneko egunean, hilaren 30ean, haurrei zuzendutako ilustrazioaren inguruko tailer bat eskainiko du Layayaletuca artistak
nahikari cayado
Larunbata, 16 azaroa 2019, 22:54
Layayaletuca izenarekin ezaguna den María Lafuente Lechuga artista Madrildarrak gaztetatik ikasi du osasuna, dirua eta maitasuna ezin direla diruarekin erosi. Hori da hain zuzen umore grafikoaren bidez publikoari helarazi nahi diona, azken urteotan bizi izan dituen bizipen eta ezbehar pertsonalak islatzen dituen bitartean.
Orain, eta azaro osoan zehar, bere lana Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan dago ikusgai. «Gaztetatik itsuki sinesten nuen zoriontasunaren zutabea maitasuna zela. Neure burua desengainatu ondoren, lanean hasi eta dirua lortzen hasi nintzen, horrek pentsarazi zidan benetako zoriontasuna denbora libreak ematen zidala. Duela hilabete batzuk ordea, biopsia bat egin zidaten birikian. Horrek osasunaren garrantziaz jabearazi ninduen», azaldu du 26 urteko gazteak.
Bizipen horiek hizpide hartuta sortu zen 'Osasuna, dirua eta maitasuna' izeneko erakusketa. Halere, margotzeko grina betierekoa izan da Layayaletucarentzat. Kostaldeko herri batean hezi zen, eta berak gogorarazten duenez, bertako tabernetan ordu asko pasatzen zituen, beti gogoratzen du bere burua mahai-zapi eta ahozapietan marrazten. «Jatorduak oso luzeak izaten ziren eta denbora azkarrago joan zedin marraztea zen irtenbide bakarra», aitortzen du.
Urteak pasa ahala, inoiz ez dio boligrafoari heltzeari utzi. «Lehen, zigortzen nindutenean marrazten nuen, orain aldiz, lan egiten dudanean. Ez aspertzeko modu bakarra da», dio madrildarrak.
Zelaietan ikusgai dauden ilustrazioetan, denak eskuz egindakoak eta formatu txikikoak, umorea eta drama, hitzak eta irudiak nahasten dira. Paper zakar gainean tinta beltzarekin, Layayaletucak bere ingurua eta pribatutasuna aztertzen ditu ironia eta sarkasmoaren bidez: «Jende askok esaten dit negarra eragitea barre eragitea baino errazagoa dela, eta ez dakit egia izango den, baina nik nahiago dut botila erdi beteta ikustea».
Erakusketa azaroaren 30era arte izango da ikusgai. Egun honetan bertan ilustrazioaren inguruko tailer bat antolatu du 6 eta 11 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo dena.