Ornitorrinkoa ikusgai dago Hontza Museoan
ERAKUSKETAK ·
Mañarian kokatzen den Bizkaiko Natur Zientzien museo ofizial bakarrak animali hau gehitu du bere bildumannahikari cayado
Larunbata, 21 abendua 2019, 22:24
Mañarian kokatuta dagoen Natur Zientzien Museoak beste animali bat gehitu du oraingoan bere 38.000 baino gehiagoko alek osatzen duten bildumara. Oraingoan, zeinahi museok izan nahi lukeen naturan den alerik bitxien eta xelebreenetako bat eskuratu ahal izan dute: ornitorrinkoa, hain zuzen, Australian eta Tasmanian bakarrik aurki daitekeen espezie endemikoa.
Animalia-espezie hori hain da bitxia ezen, ugaztuna izan arren, 'ahate-mokoa', 'azkonar-buztana' eta 'igaraba-gorputz eta –hankak', dituela. Baina ez hori bakarrik, 'ugaztun pozoitsu bakarra' da ornitorringoa. Ez da edonolako pozoia gainera, animali arraza honetako arrek 'ezproi pozoitsua' daukate atzealdeko hanketan. Honen bitartez injektatzen duten pozoiak min handi-handia eragin diezaieke gizakiei.
Beste alde batetik, aipaturiko bitxikeriak gutxi balira bezala, esan beharra dago ornitorrinko emeek arrautzak jartzen dituztela, eta kumeak errunalditik hamar egunera jaiotzen direla.
HONTZAko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete Bilboko Miguel de Unamuno Bigarren Hezkuntzako Iinstitutuko lagunei egindako dohaintza honengatik, eta baita beste hainbatengatik. Museotik jakitera eman dutenez, guztira, 40 baino gehiago izan baitira. Besteak beste, eta batzuk aipatzekotan, kanguru bat, nagi bat edota pekari bat aurki daitezke, museoan bertan ikusgai daudenak.
Funts horiei guztiei esker, Hontza, Bizkaiko probintzian dagoen Natur Zientzien museo ofizial bakarra, jakintza-arlo horretako «garrantzitsuenetakoa» da, bertako kideek azpimarratu dutenez.