Ondarroan zer gertatu den jakin nahi? 'Hondar ahoak' telesailaren bigarren atala, gaur gauean, ETB1en
Nagore Aranburuk eta Eneko Sagardoyk lau atalez osatutako 'noir' generoko lan arrakastatsuaren jarraipena aurkeztuko digute asteazken honetan, 22.30ean
Aurreko astean, ETB1eko 'Hondar ahoak' telesailaren lehenengo atalaz gozatzeko aukera izan genuen, eta, asteazken honetan, bigarren kapitulua aurkeztuko digu Euskal Telebistak. Suspentserako osagarri bikainak uztartu dituzte Txintxua Filmsek ekoitzitako thriller formatuko 'Hondar ahoak' telesail berrian (ETB1 eta eitb.eus, 22.30ean). Eta asteazken honetan lau atalez osatutako 'noir' generoko lan arrakastatsuaren jarraipena aurkeztuko digute, non Nerea Garcia inspektorea (Nagore Aranburu) eta Alex herriko agentea (Eneko Sagardoy) desagertu berri den Josu patroia aurkitzeko lanetan ari diren. Bilbotik etorri berri den inspektore desatseginak lehen atalean ikusi zuen jada ez dela ohiko desagerpen bat, ezer ez dela dirudiena.
Eneko Sagardoy aktoreak Bilboko Itsasmuseumen saioaren aurkezpenean nabarmendu zuen 'Hondar ahoak' «geruza asko dituen produktua» dela. Amaitu berri' den Patria'n Gorkaren pertsonaia modu bikainean interpretatu duen durangarrak argi izan zuen hasieratik lantaldearen parte izan nahi zuela, eta oso pozik dago erabakiarekin. «Poesia daukan thrillerra da, kaltitate handikoa, eta Koldo Almandoz zuzendariak bere mundu berezia islatzen du lanean. Musikalki, estetikoki eta arte ikuspuntutik apustu bat da, eta, gainera, irisgarria izango da publiko guztiarentzako», esan zigun telesaila hasi baino egun bat lehenago.
Harro agertu zen Sagardoy kapitulu bakoitza aste batean grabatzeko erronka gainditu izanagatik (abuztua eman zuten rodatzen). Are gehiago, Koldo Almandoz zuzendariak eta lantaldeak lanean lortutako «tonuagatik». Hala ere, telesailetik atera duen gauzarik pozgarrienetakoa Nagore Aranbururekin lan egitea izan dela aitortu zigun. «Amets bat zen niretzat, oso dibertigarria izan da, eta nire ustez lan honetan egin duen pertsonaiarekin berretsi egingo da».
Halaber, pozik agertu zen aktorea Edu Barinaga ETBko zuzendariak aurrerantzean horrelako fikzio gehiago prestatzeko egindako proposamenarekin, eta euskara eta soinu aldetik aberatsa den telesaila aurkeztuko zigutela nabarmendu zuen. «Hango eta hemengo euskarak nahasten dira. Oso exijenteak izan gara hizkuntzarekin, eta hurbiltasuna lortuko dugula uste dugu. Hala ere, euskara hain ondo menperatzen ez dutenentzat gaztelaniazko azpitituluak jartzeko aukera izango da».
Nagore Aranbururentzat, bestalde, oso garrantzitsua izan da Nerea inspektorearen papera jorratzea. Bere lehenengo aldia izan da rol horretan eta «oso ondo pasatu dut susmagarrien atzean ibiltzen, pistolekin eta tentsioarekin».
Fikzioarekin jarraitzearen erronka
Marian Fernandez Txintxua filmseko ekoizle eragileak, berriz, Bilboko Itsasmuseumeko aurkezpena aprobetxatu zuen nabarmentzeko fikzioa hasiera-hasieratik Ondarroan kokatzea pentsatuta zeukatela. «Abiapuntu estetiko eta soziologikora guztiz egokitzen zen, eta herriak agertutako inplikazio maila oso handia izan da». Hori nahikoa ez balitz, gidoiak idazten zituzten bitartean Eneko Sagardoy eta Nagore Aranburun pentsatzen zutela nabarmendu zuen. «Lortu genuen eta pribilegioa izan da», esan zuen.
Eta lehen aipatu bezala, Edu Barinaga ETBko zuzendariak azpimarratu zuen «asmoa datorren urtean fikzioarekin jarraitzea» dela. Horiek horrela, erronka luzatu zien Txintxuakoei urratutako bideari segida eman, eta datorren urterako proiektua aurkez dezaten.
Momentuz, istorio onetaz gozatzearekin konformatuko gara. Izan ere, marinelen usadio batek dio itsasoko sekretuak lurrean kontatzen dituenari ahoa hondarrez beteko zaiola, itsasotik lurrera eramandako hitzek urratsak uzten dituztelako. Zer gertatuko ote da, beraz, Ondarroan? Erantzuna ezagutu nahi baduzu, badakizu, aukera daukazu asteazkenero, ETB1 eta eitb.eus-en, 22.30ean.