https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Oihartzun xumeak

Karlos Linazasoro, 'Lurra bere erro gorrira' liburuarekin./
Karlos Linazasoro, 'Lurra bere erro gorrira' liburuarekin.

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Karlos Linazasororen azken liburua poema-bilduma da, 'Lurra bere erro gorrira' izenburukoa. Idazlea lanak edozein generotan sortzeko gauza da (aurten '6012' nobela laburra eman du argitara, adibidez), eta honek dispertsio puntu bat eman dio bere literatur ibilbideari. Nago, ordea, berari dispertsioarena ez zaiola gehiegi axola, eta nahiago duela sormenean etengabe aritzea, ibilbideak kontraesankorra badirudi ere. Edonola ere, honetan poemak eskaintzen dizkigu, non subjektu poetiko bat (sinplifikatzearren, 'poeta' deituko diogu subjektu honi) munduaren aurrean jartzen den, munduak berarentzat zer errepresentatzen duen azaltzeko.

Poeta eta mundua aurrez aurre agertzen dira, baina ez kontrajarrita, zeren, irakurlea berehala ohartu daitekeenez, poetak munduarekin bat egiten baitu, munduaren partea den aldetik. Baina uler bedi ondo, idazleak ez du gizakiek gizartean egiten dutenaz hitz egiten, baizik-eta gizakiak bizitzaren osotasunean duen parteaz.

Ez dakit poetak planteatzen duen jarrera honi 'zen' deitu dakiokeen, baina halaxe dirudi zenbaitetan. Munduan agertzen diren elementu guztiak sintonian daude, eta gizakiak, munduaren beste edozein osagai bezalakoa delarik, bere buruarengan sentitzen du sintonia hori, osotasunaren partaidetza. Testuinguru honetan naturalezaren presentziak garrantzia hartzen du, naturalezan agerpen berezia baitu osotasunak. Bizitza horrelako ikuspegiz ikusten bada, errealitateak erakuts ditzakeen ertzak leunduta agertzen dira, poeta, zirkunstantziala alde batera utzita, bakarrik esentzialenari ohartzen baitzaio.

Bizitza, beraz, sinpleagoa da, gardenagoa. Mingarriak izan daitezkeen alderdiak lausotuta agertzen dira, osotasun horren zatiak ere badirelako. Baliabide poetikoen aldetik, Linazasororen poemek ez dute tolesdura bihurririk. Olerkian ohitua den irakurlearentzat gardenak izango dira poema hauek. Baina normalean poesia irakurtzen ez dutenentzat ere ulergarriak izango dira testuak.

Oihartzun xumeak balira bezala irakurtzen dira idazlan honetako poemak. Eta islatzen duten giro hau benetan eskergarria egiten zait lasai pentsatzen uzten ez diguten zalapartez beteriko mundu batean.

Lurra bere erro...

Egilea:
Karlos Linazasoro
Argitaletxea:
Balea Zuria Donostia, 2018, 140 orr. 14,00 euro

Temas

Euskera