Urgente Un accidente en Ugao-Miraballes obliga a cortar la BI-625

Nostalgiaren amaiera

Gerratea atzean utzirik, bere etxera itzultzen denaren begiak distira ezberdinaren jabe dira

Domingo, 23 de mayo 2021, 23:38

Denok nahi dugu noizbait, nonbait, etxera itzuli; baina, horretarako, jakin behar etxea non den, non dugun, non kokatu zaigun. Ez dugu beti asmatzen. Urrutiko kontuak maite ditugu, ez dakigulako urrutikoak direla. Urruti eta gertu, horra hor nostalgiaren hariak tenkatzen dituzten bi ertzak. Baina zer da urruti?, zer da gertu? Espirituaren jarrera baino ez. Gogoaren edo itxaropenaren kariaz hurbildu zaiguna gertukotzat dugu. Urruti egotea ez da beti fisikoa, ordea; jakineko da, maitaleek badakite bederen. Bizitza ez da soilik behar fisiko bat: baditugu sentimenduak, baditugu pasioak, badugu desira, badugu… Dugulako gara, absentzia besterik ez dugunean ere. Mundua bizi dugulako gara, neurri batean, munduko biztanle, nahiz batzuetan, guk bera bizi beharrean, berak gu bizi gaituen. Nostalgiaren beste hitza ondoeza da. Ez gaude ongi gauden tokian, baina ez jakin inon inoiz ongi egongo ote ginatekeen.

Publicidad

Nostalgia hitza bera berandukoa da. Johannes Hofer sendagile suitzarrak erabili zuen lehen aldiz: «Hitzaren doinuak berak ederki adierazten du etxera itzultzeko grinak dakarren egonezina». XVII. mendea zen. Nonbait soldaduak (suitzarrek mertzenario fama itzela zuten) gaixotu egiten ziren, kanpoan eta ez herrian egonaldi luzeak egiteagatik. Garai hartan, ez zen ezaguna estres postraumatikoa, gerran ibilitakoa jotzen duen gaitz larri eta sendagaitz hori. Eta nago etxera bueltatzeko grina hori gerraren izugarrikeriatik ihes egiteko gogotik zetorrela. Nostalgia ihesbidea da, baina hori poetek lehendik ere ikasi zuten, ikasi dugu.

Euskal poetek ere badakite nostalgia zer den. Hona hemen Elissanbururen poemarik ezagunenaren ahapaldi bat: «Mendiak utzi ditut urrun gibelean,/ herria dut ikusten jadanik aldean./ Zer duk ene bihotza, saltoka barnean?/ Ote duk huts eginen herrira heltzean?».

Azken galdera oinarrizkoa zaigu. Denbora luzea atzerrian igaro ondoren, herrira etortzeko gogoa daramanak zer aurki lezake herrira etorritakoan? Deus ez, seguru asko; espero duen deus ez, jakina. Errazagoa da geroa igartzen, iragana aztertzen baino. Nostalgia bada gaitza ere, eta bere ezaugarriak ditu, ez dauden ahotsak entzuten eta ez dauden mamuak ikusten dira. Irudimenaren lana, noski, irudimenaren kaltetan.

Elissanburu gerlaria izan zen, gerra ofizio noblea zenean, ohore kontuak soldaduentzat arrotzak ez zirenean, desiragarriak baizik. Ohorea baita soldaduaren gorputza estaltzen duen longaina. Etxera etorririk, bertan egotearen atsegin-plazerak dastatu zituen, etxetik urrun egonik amestutakoak. Baina gerratea atzean utzirik, bere etxera itzultzen denaren begiak distira ezberdinaren jabe dira, berezia guztiz. Muga bat gainditu dela jakinarazten dute, ziurtasun osoz, heriotzaren eta bizitzaren arteko muga, eta horrek kordokarazi dizkie zentzumenak, oreka mentala galtzeraino.

Publicidad

Nostalgiaren sinonimoa tristezia da gaurko biztanleontzat. Harridura, azken finean, nahi ez dugun tokian egoteagatik, nahi ez dugun unean. Irudimenean izan ezik, inoiz egon ez den su-bazter baten mina dugu. Nostalgia, azken finean, galera baten sentipena da, eusten zigun hura euskarri ez dugula jakitearen mina, errealitatearen aurrean galtzaile izatearen mentura.

Nostalgiaren amaiera bizitzaren hasiera izan ohi da. Baina zer da bizitza nostalgiarik gabe?

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad