Neguko musika lantegien hirugarren edizioa, Hell Doradon
14 eta 29 urte bitarteko gazteentzat dira, aste honetan bertan hasiko dira, eta aurtengo berritasuna Alba Saladok emango duen hip-hop lantegia da
Jan Echevarría
Asteartea, 26 abendua 2023
Oporrak eta jaiegunak baliatu behar dira gazteei ekimen interesgarriak proposatzeko, askotan zailagoa egiten baitzaie beste data batzuetan horrelakoak egitea. Bada, Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak eta Gasteizko Hell Dorado aretoak indarrak batu dituzte berriro neguko musika lantegien hirugarren edizioa antolatzeko. 14 eta 29 urte bitarteko gazteentzat dira, aste honetan bertan hasi dira, eta aurtengo berritasuna Alba Saladok emango duen hip-hop lantegia da.
«Musikaren, kulturaren eta gazteriaren aldeko apustua egiten dugu, dagoeneko egiten ari garen lan arrakastatsua aprobetxatuz, eta Gazterock-en lanean urteak daramatzaten Hell Doradok eta Juan Uriartek ematen diguten bermearekin», adierazi dute antolatzaileek.
Horrela, tailerrak honako hauek dira: prestakuntzara bideratutakoa sei talde hasiberrientzat edo profesionalizatzeko bidean daudenentzat, eta Alba Saladok emango duen hip-hop eta hiri musiken dantza lantegia. Aipatutako lehenengoa hiru ataletan banatu da: musika taldeentzat soinu profesionalizazioko lantegia (Urtzi Arakamak emana), kontzertuen ekoizpen profesionaleko eta sare sozialen maneiuko tailerra (Iñaki Urbizuk emana) eta bideo, film labur eta bideoklip lantegia (Jokin Larrañagak eta Maite Ponferradak emana).
Lantegiak Gabonetako oporraldian egingo dira, eta abenduaren 26tik 29ra ospatu ostean, abenduaren 30etik urtarrilaren 4ra jarraituko dute. Gainera, lantegien emanaldi publikoak izango dira abenduaren 29an (dantza) eta urtarrilaren 6an (banden kontzertua).