https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Naturaleza erdigunean

Urtaroak eta zeinuak liburuaren azala./
Urtaroak eta zeinuak liburuaren azala.

Gerediagaren poesian naturalezaz hitz egiten zaigu; poema liburu honetan, zehazki, naturalezak erakusten dituen zikloez

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Jon Gerediagaren poesia-ibilbidea nahiko koherentea dela esan daiteke, arlo honetan argitara eman dituen idazlan guztiak idealismo poetikoa dei litekeen ildotik baitoaz, 'Urtaroak eta zeinuak' izenburua duen bere azken poema liburuak ere erakusten duen bezala. Bere poesian gai bat agertzen zaigu erdigunean, naturalezaren presentzia alegia, bai erreferentzia moduan bai adierazpide moduan. Gerediagaren poesian naturalezaz hitz egiten zaigu; poema liburu honetan, zehazki, naturalezak erakusten dituen zikloez. Izan ere, etengabeko gurpilean sartuta dagoelarik, naturaleza heriotza-bizitza mugimenduan lotuta ikusten dugu, eta mugimendu honetan heriotza ez da amaiera moduan aurkezten, hurrengo ziklo baten hasiera moduan baizik, naturalezaren ahalmena baita heriotzatik bizitza egitea, hilda dirudien lurretik landare berriak sortzea.

Gaia, dena dela, ez da horretara mugatzen, naturalezak zerbait adierazi nahi baitu. Eta liburuaren izenburuan agertzen diren bi hitzek horretara jotzen dute: urtaroek irudikatzen dituzten zikloak eta zeinuen bidez adierazten den beste errealitatea. Beste errealitate horretan nolabaiteko transzendentzia agertzen zaigu. Ez gaude, baina, izaera erlijiosoko transzendentzia baten aurrean; beste gauza bat da naturalezaren bidez adierazten zaiguna, materia gainditzen duen zerbait zehaztugabe, pentsatu baino gehiago sentitu behar den zerbait adierazkaitz.

Egilea:
Jon Gerediaga
Argitaletxea:
Pamiela Iruñea, 2019 80 orr. 12,00 euro

Honelako poesian gizakiaren presentzia lausotuta geratzen da, azken finean gizakia naturalezan aurkitzen den beste osagai bat baino ez da-eta. Eta gizakiarekin batera haren ekintzak eta egintzak ere desagertzen dira. Liburu honetan oso gutxitan aipatzen dira gizakien jardunaren ondoriozko emaitzak, eta modernitatea irudi lezaketenak ia erabat baztertu dira, non naturalezarekin kontrajarrita agertzen ez diren. Naturaleza funtsezko egiaren adierazlea den neurrian, modernitatearen osagaiok gezur itxuratia baino ez ligukete erakutsiko.

Formaren aldetik, hemengo poemak laburrak dira, deskriptiboak, ia eszena batzuen aurkezpenak. Baina sinpletasun formal hau nahikoa da adierazi nahi den guztia adierazteko, poeta onek bakarrik egiten dakiten bezala.

Temas

Euskera