'Mundu bat motxilan' liburuak Alex Txikon mendizalearen nondik-norakoak barnebiltzen ditu
Sua Argitaletxeak kaleratutako liburua egungo alpinista honen lagun den Unai Ormaetxearen eta Txikonen elkarlanaren ondorioa da
UNAI SARRIUGARTE
Igandea, 8 abendua 2019, 23:09
'Mundu bat motxilan' liburuak Alex Txikon mendizalearen nondik-norakoak barnebiltzen ditu. Publiko gazteari bideratura doan obra da hauxe. Sua Argitaletxeak kaleratutako liburua egungo alpinista honen lagun den Unai Ormaetxearen eta Txikonen elkarlanaren ondorioa da.
Bertan Ormaetxeak lemoarrak neguan eta oxigenorik gabe Everestera igotzeko espedizio batean burura etorri zitzaizkion gogoetak eta istorioak barnebiltzen ditu. Aurrekaririk gabe, formatu berritzaile eta hunkigarria dakarren egitasmoa da hauxe. Halaber, liburu honen hasiera Rafa Ugaldek jorratu du eta amaiera, berriz, Juanra Madariagak.
Hauxe ez da biografia bat, Txikonen bizitzaren abenturen inguruko ikuspegi bat baizik. Testuak aipatu bezala Txikonen eta Ormaetxearen hartu-emanen ondorioa dira. Ilustrazioak, aldiz, Cesar Llagunorenak dira, liburuaren ezinbesteko beste atal bat direnak.
Bertan Txikonek Everestera igotzen aurkitu dituen herri, erlijio, bidelagun eta parajeak ditu hizpide. Bertan gogoetak kontu eta istorio ezberdinekin uztartzen dira. Izan ere, Alex Txikonen esanetan: «kontua ez da tontorrera iristea, zelan jokatzen dudan ezagutzera ematea baizik».
Alex Txikon lemoar alpinista eta aizkolaria da. Bere mendizale ibilbide oparoan hamalau zortzimilakoetatik hamaika igo izan ditu. Era berean, 30 espedizio baino gehiagotan esku hartu izan du. 2016. urtean Simone Moro, Tamara Lunger eta Ali Sapdararekin batera Nanga Parbat zortzimilakoaren lehendabiziko negu igoera burutu zuen.