Mixel Oronoz ohorezko euskaltzaina hil da
«Euskaltzale sutsua, euskararen zein euskal kulturaren aldeko hainbat egitura eta gertakarietan inplikazio handia erakutsi zuen», gogoratu du Euskaltzaindiak
Zurekin
Osteguna, 28 iraila 2023, 13:21
Mixel Oronoz ohorezko euskaltzaina hil zen joan den ostiralean, familiak jakinarazi duenez, Kanboko (Lapurdi) Annie Enia osasun zentroan, 88 urte zituela. Bere aldeko hileta elizkizunak asteazkenean izan ziren, Baigorriko (Nafarroa Beherea) elizan, Euskaltzaindiak ostegun honetan jakitera eman duenez.
Oronoz Baigorrin jaio zen, 1935eko abuztuaren 23an. Teologia (Louvain) eta Literaturako (Paris VII - Jussieu) lizentziaduna zen, bai eta Euskal Ikasketetako doktore ere Bordeleko Montaigne Unibertsitatean. Idazle, irakasle eta apaiza izan zen Oronoz, eta, Akademiak nabarmendu duenez, «ororen gainetik euskaltzale sutsua, euskararen zein euskal kulturaren aldeko hainbat egitura eta gertakarietan inplikazio handia erakutsiz». Horrela, Euskal Konfederazioaren buru izan zen, Euskal Kultur Erakundearen hastapeneko kide, Pizkundea mugimenduko ordezkari eta abar.
Hainbat liburu ere idatzi zituen baigorriarrak, zeinetan erlijioa eta euskal kultura jorratu zituen, hein handi batean, hala nola 'La noce basque I-II-III' (1996-1999), 'Oilandoiko ermita' (2001) edota 'Le mouvement culturel basque: 1951-2001 I-II-III' (2002-2008).
Pantxoa Etchegoin euskaltzain urgazleak Oronozen euskalgintzako egitura anitzetan egindako lan handia nabarmendu du: «Ekimen berrien bultzatzaile nekaezina izan zen, Euskal Kultur Erakundea sortu zen garaian, adibidez. Baina hitz egiteko molde goxoaz harago, bere ideiak eta desadostasunak adierazteko ausardia erakusten ere bazekien Mixelek, bereziki, Elizaren zenbait ordezkarirekin eduki zituen desadostasunak aipatzerakoan. Beti laguntzeko prest eta jakinduria besteei transmititzeko gogoz zegoen euskaltzalea edukiko dut gogoan».