Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko epea zabalik
Mintzapraktika eta zaletasunak uztartzeko aukerak handituz joan ziren pasa den ikasturtean eta yoga, boxeo eta beste ekimen talde batzuk sortu dira proiektua martxan duten herrietan
Mintzapraktika egitasmoaren helburua euskaraz aritzeko guneak eskaintzea da, hots, euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat haiekin astean ordu betez euskaraz aritzeko prest dagoen pertsona batekin elkartzea bilatzen du proiektuak. Duela urtebete proposamen berri batekin etorri zen Taupa Euskaltzaleen mugimenduaren eskutik: 'Eta euskaraz egiten badugu?' lelopean, hizkuntzaren praktika eta zaletasunak uztartzeko gonbitea luzatu zen, parte-hartzaileen gustuko jarduerak euskara praktikatzeko aukeretan bilakatuz.
Zer suposatzen du horrek? «Egia da batzuek Mintzapraktika egiten jarraitu nahi dutela kafetegi batean, kafe baten bueltan, baina azken urteotan ikusi da Mintzapraktika beste zaletasun batzuekin guztiz bateragarria dela. Horrela, aldi berean, beste edozein osagarrirekin lagundu dezakegu: yogako estera, kakorratzak, mendiko botak, boxeoko eskularruak, bizikletak, mahai jolasak… Hau da, jarduera horiek guztiek gure euskara hobetzeko balio dezakete», diote Taupako arduradunek.
Eta egia da, izan ere, horren erakusgarri dira azken ikasturtean martxan jarri diren talde berriak, hala nola, irakurle edota antzerkia euskaraz ikusteko taldeak eta baita herriek elkarren ereduak jarraituz martxan jarri dituztenak ere. «Mintzapraktikak eskaintzen dituen aukerak amaigabeak dira, euskaraz bizi nahi duen pertsona orori horretarako tartea eta aukera eskainiz, bere beharrizan, egoera eta interesetara egokituz», nabarmendu dute.
Hala, ez dute ahaztu izan nahi parte-hartzaileen nahi eta beharretara moldatzen diren gero eta talde gehiago sortzen ari direla, egitasmoaren malgutasunaren erakusle, eta, «nahiz eta maiztasuna asterokoa izaten den, hori aldatzeko aukera ere bada, parte-hartzaileen arabera».