Mercabilbaok kalitate eta ingurumen kudeaketa eraginkorraren ISO ziurtagiriak berritu ditu
Zurekin
Asteartea, 26 uztaila 2022, 19:49
Mercabilbaok berritu egin ditu kalitatea eta ingurumena kudeatzeko sistema eraginkortasunez ezarri dela egiaztatzen duten ISO 9001 eta 14001 ziurtagiriak. Horrela, beste urte batez, handizkako enpresei, txikizkariei, instalazioetan jarduten duten langileei eta, oro har, gizarteari mesede egingo dien jarduera jasangarria garatzeko konpromisoa duela erakutsi du elikagai unitateak. Era berean, Euskalitek aitortutako zilarrezko A du.
Basaurin dauden instalazioetan azken asteetan egindako ebaluazio sistema zorrotzaren eta auditoretza prozesuaren ondoren berritu dira ziurtagiriak. Estandarrak behar bezala ezarrita daudela egiaztatzen dute, zentroan dagoen arauarekin bat etorriz, Mercabilbaotik jakinarazi dutenez.
Kalitatearen Kudeaketarako ISO 9001 Ziurtagiriari dagokionez, kudeaketa sistemen integrazioari onurak ekartzen dizkioten aldaketak nabarmendu dira. Aurrerapen horiek garrantzi handiagoa ematen diote prozesuetan oinarritutako ikuspegiari, zerbitzu enpresei aplika dakiekeen lengoaiari eta lidergoaren kontzeptua indartzeari, goi zuzendaritzaren zeregina eta kudeaketa sistemarekin izan behar den konpromisoa nabarmenduz. Bestalde, enfasi handiagoa ematen zaie kanpoko prozesuei, hornitzaileen kudeaketaren eta ebaluazioaren kontzeptua zabalduz.
Ingurumen Kudeaketarako ISO 14001 Ziurtagiriari dagokionez, azpimarratu dute Mercabilbaok ingurumen eragina murrizteko «konpromiso sendoa» hartu duela, hondakinak biltzeko, birziklatzeko eta garbiketa zerbitzurako hamar urte baino gehiagoz ezarrita dituen prozesuen bitartez. Prozesu horiek instalazioetako eta inguruneko higiene eta osasun baldintza onenak bermatzen dituzte.
Gauzak horrela, Mercabilbaok berretsi egin du NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuak eta 2030 Agenda betetzeko ezarri behar diren jarraibideekin duen konpromisoa, kasu honetan kalitatea eta ingurumenakudeatzeko sistemarekin bat datozenak.