Mendi altuan elurra, Durangoko Azokan antzezkizuna
Karlos del Olmo
Larunbata, 6 abendua 2025, 09:59
«Mendi altuen elurre, bota surtera egurre…» kopla ezaguna parafraseatuta doa izenburuan, 2025eko Durangoko Azoka, inoiz baino gehiago, aspaldidaniko ferien inguruan jazo legez, askotariko ekitaldien plaza ere izango delako. Ohi legez, liburuez eta musikaz gain, aurten eszena arteei ipini behar diegu begia eta belarria, arretaz ipini ere.
Jokatuta ikusteaz eta ikusteaz gain, antzerkia patxadaz irakur eta goza daiteke ere. Horretarako, besteak beste, Ganbila bildumako lau antzerki liburu aurkeztatuko dituzte Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak elkarren artean plazaratzen duten. Ekitaldia abenduaren 6ko 17:30ean izango da, Ahotsenea Literatura esparruaren barruan. Hara hor: Aztitza, Oier Guillan; Herrenaren promesak, Infinutudrama; Zorretan, Agurtzane Intxaurraga Fikziraultzaileak, Kamikaz kolektiboa.
Gatozen, beraz, oholtza gaineko teatro antzeztura:
• Karrika antzerki taldeak Antzerki sorkuntza partekatzen. Inprobisazioaz! deritzon antzerki tailerra arteztuko du. Partaideak eszena bat sortzera gonbidatuko dituzte, inprobisazio tekniken bitartez. Talde bakoitzak egoera batzuk irudikatu eta idatzita eraman beharko ditu, tailerrean bertan lantzeko: pertsonaien izenak (1 eta 6 bitartean), gertaleku bat, arazo bat eta objektu bat proposatu beharko dituzte. Ohar horiek oinarri, Karrika taldekoak, zuzendariak lagunduta, oholtzan antzeztuko ditu proposamenak. Bi saio izango dira, abenduaren 5ean, San Agustin Kultur Guneko Szenatokian, 10:30-11:30 eta 12:00-13:00.
• Kamikaz antzerki kolektiboa ikusteko parada izango da aurtengo inaugurazio ekitaldian, abenduaren 5eko 19:00etatik aurrera, San Agustin Kultur Guneko Szenatokian.
• Lamapatxa antzerki taldeak Destiny driver antzezlana taularatuko du, abenduaren 6an, Szenatokian, bi saiotan: 11:00-11:30 eta 16:00-16:30. Ugaitz Alegriak eta Getari Etxegaraik XXII. mendeko bi pertsonen arteko hitzordu batean elkartuko dira. Destiny Driver izeneko software ospetsu batek erabiltzaileari errazago erabakitzen laguntzen omen dio. Gizakien etorkizuna irudikatzeko gaitasuna algoritmo baten esku geratu da; saria, ziurgabetasuna desagertzea. Protagonistek erabaki beharko dute etorkizuna beraiek imajinatu beharko duten edo softwarearen esku utzi. Testua Markos Goikolearena da, eta, zuzendaritzaz, Olatz Ganboa arduratu da. Bizkaiko Aldundiko Kultura Sailak antolaturiko euskarazko lan onenaren Kriselu saria eskuratu zuen lanak.
• Nabiga kolektiboak Nondik abiatu inora dantza saioa aurkeztuko du, abenduaren 6an, Szenatokian, bi saiotan: 12:00-12:15 eta 16:30-16:45. Espazio ez-konbentzionaletarako sorturiko pieza laburra da, eta Amaia Martinezek eta Nagore Tamayo Goñik dantzariek, batez ere, kontakt inprobisazioa eta partneringa erabiliko dituzte, batik bat. Dantzariok hizkuntza bat partekatzen dute, eta aurrez finkaturiko materiala eta inprobisazioa tartekatuko dituzte. Soinu elektroniko eta organikoak era esperimental batean elkartzen dituen musika darabilte, egungo garaiaren ikur modura, mugimenduaren eta soinuaren arteko elkarrizketa ere helburu dela.
• bostOK! antzerkiak bostOK! lana jarriko dute agertoki gainean, abenduaren 6an, Szenatokian, bi saiotan: 17:30-18:00 eta 20:00-20:30. Komedia honek bost idazle, bost zuzendari eta bost antzezle ditu: Manex Astigarraga, Maria Blanco, Esti Curiel, Asier Galarza, Ander Malbadi. Bostak ala bostak ez dira saiatuko ikuslea pertsona hobea eta jantziagoa bilakatzen, ez dira arituko gogoeta sakonen bitartez ikusleak pertsona hobeak egiten. Beraiek diotenez, berriz, litekeena da emanaldiaren ondoren ikusleak lehen baino lotsagabeago irtetea. Bost umoristek bibra ona eman dezaketelakoan daude, gainera.
• Karrika antzerki taldeak Buruzagien batzarra ekarriko du abenduaren 7an, Szenatokira, bi saiotan: 11:30-11:45 eta 13:00-13:15. Kristo ondorengo 50. urtean, 223an, 1350an nahiz 1780an, nahiz, edozelan ere, antzinako denbora lauso eta nahasi batean, erreinuek elkarren kontra egiten dute. Guzti-guztiek, ez, ordea: Durangoko merindadean, gauzak bestela egin daitezkeelakoan, ordezkariek batzarra egingo dute. Azokak 60 urte betetzen dituela aitzakia, talde durangarrak omenaldi bitxi halako bat egingo dio Azokari eta haren ingurukoei. Euren berbetan, «Fantasia hutsa izango DA! ».
• 7 katu maskaratu taldeak Karin karan ikuskizuna ikusgai jarriko du abenduaren 7an, Szenatokian, bi saiotan: 12:30-13:00 eta 17:00-17:30. Zuzendaritzaz Mikel Martinez arduratu da. Testuak Jokin Oregirenak dira eta, antzezle Amets Larreak, Anje Oregik eta Enaitz Zulaikak dihardute. Interneten Jokin Oregik ziberespaziora ateratako zenbait testuz mamitutako antzerki joko halako bat da: kontakizun laburrak, aipamenak, aforismoren bat, irudiak, sentipenak, bizipenak... Barregarriak, hunkigarriak, ironikoak, kritikoak, tristeak... Guztiek helburu dute ikuslearen arreta erakartzea, harrimena sortzeaz gain. Azken buruan, pertsonok zer garen ulertzen laguntzeko xedea ere badute.
• Gilkitxaro taldearen Alperrak, tunanteak eta maleanteak lana izango da, abenduaren 7an, Szenatokian, bi saiotan: 16:00-16:35 eta 18:00-18:35. Taldeak berak dioenez, gaur egungo halako thriller komiko politiko bat da, sasi dokumentala, tarteka, betiere absurdoaren bideetatik dabilela. Bilboko Lautan Hiru Jaialdiaren laguntza jaso zuen antzezlanak. Komediak memorian eta historian ikertu nahiz gozamenaren aldarrikapena nahiz anormaltasunaren apologia egiten du. Erbesteratutako hiru inurri normalitatera joan gura dute, derrigorrez lan egin beharrik ez dagoen lekura, pertsonen ustezko paradisura, hankabikoen bizimodua demasekoa delakoan. Baina gizakion mundura iritsita, aurreiritzi guztiak behera joango zaizkie.
• Formol laborategiak Heriotzak Eduardo du izena eskainiko du, abenduaren 8ko 20:00etan, Szenatokian. Susa argitaletxearekin elkarlanean gauzaturiko proiektua da, argitaletxearen poesia argitalpen berrien inguruko eszena lan bat burutzeko. Formol laborategiak 2020tik eszenarako esperimentazioan dihardu. Kideek diotenez, ez da poesia errezital bat, poesia eszenikoa baizik. Egilea, hortaz, Formol laborategia da. Zuzendaritzan, Formol Laborategia, Oier Guillan eta Javier Barandiaran izan dira, eta, antzezleak, Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren ditugu. Dramaturgiaz, laborategikoak eurak eta Biziei ere omen Munduko Poesia Kaierakoak arduratu dira. Off ahotsak Intza Alkain, Bea Egizabal eta Mikel Ibargurenenak dira.
• Ibawa kolektiboaren Gaua dantza emanaldia, abenduaren 8an, Szenatokian, izango da, bi saiotan: 11:30-11:45 eta 16:00-16:15. Antzezle eta koreografoak: Lou Cisnal, Amélie Delaunay, Elisa Picq, Marine Postel. Musika Dimitri Ebbo-rena da, eta, ekoizpena, Adélaide Daraspe-rena. Ikuskizuna Euskal Kultur Erakundearen laguntzari esker gauzatu dute. Isilaraziak, zapalduak eta zigortuak izan ziren emazte euskaldunen aztarrenean oinarritzen da. Gauak erresistentzia, elkartasuna eta aske mugitzea aldarrikatzen du. Dantzari bakoitzak bere ibilbidea du, eta zein bere aldetik dabil Europatik, artetik bizi ahal izateko. Hala ere, esperientzia kolektibo honen bitartez elkarrekin lortu dute Gaua ikuskizuna sortzea.
• Julen Axperen Furgonologoa bakarrizketa ikusgai eta entzungai izango da, abenduaren 8an, Szenatokian, bi saiotan: 12:00-12:30 eta 16:30-17:00. Lau urte eman ditu Julenek furgoneta batean bizitzen. Ibilgailu batean bizitzea zer den kontatuko du, ia abentura halako bat balitz bezala, erronkaz, ustekabeko egoerez eta algara ez gutxiz betetako abentura bat. Julen Axpek azalduko du zelan iritsi den egoera horretara, bere amonak zelan hartu duen hori guztia eta oraindik bete ez den amets bat duela: egunen batean mailaz igotzea, autokarabana batera, alegia!
• Bibitxa kolektiboaren Hil da jainkosa antzezlana, abenduaren 8an, Szenatokian, bi saiotan egongo da ikusgarri: 12:30-13:00 eta 17:00-17:30. Lan honek komedia eta inprobisazioa uztartzen ditu, oinarri hartzen duela Ainhoa Etxebarria Gomezen testu bat. Dramaturgiaz eta zuzendaritzaz Ainhoa bera eta Nerea Gartzia Gartzia arduratu dira, eta beraiek dira bi antzezleak. Bizkaiko Aldundiko Kultura Sailak antolaturiko euskarazko lan onenaren Kriselu saria eskuratu zuen antzezlanak. Epaimahaikoen berben arabera, «heriotza, gizakion arteko erlazioak eta iragana bezalako gai sakonak umorearekin lantzeko izan duten gaitasunarengatik». Eta, hori guztia, antzezleen lan fina eta euskararen erabilera bizia, modernoa eta konplexurik bakoa lagun, epaimahaiaren arabera.
Aurreko guztia, dena dela, gutxi dela iritziko balio baten batek, hara hor ipuin kontalariak ere, ahozko literatura eta eszena artea uztartzen, beste antzerki ikuskizun moduko batean, inoizko denborako koblakarien eta juglareen modura.
Eta hau da ipuina, eta talo burdina!