XIV. mendetik gaur egunera bitarteko testu juridikoak biltzen dituen erakusketa ibiltaria atondu dute
Erakusketa ibiltari honek eremu juridikoan urteetan egin den ekarpena gizarteratzea eta erakustea du xedetzat
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 25 maiatza 2022, 10:45
XIV. mendetik gaur egunera bitarteko testu juridikoak biltzen dituen erakusketa ibiltaria atondu dute. Hala, Eusko Legebiltzarrean estreinatuko da, ostiral honetan, maiatzaren 27an. Irudi eta grafikoen bitartez garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak ematen dira ezagutzera bertan arlo pribatukoak zein publikokoak. Erakusketa ibiltari honek eremu juridikoan urteetan egin den ekarria gizarteratzea eta erakustea du xedetzat.
'Hitzak Lege' lemapean Euskaltzaindiak Eusko Legebiltzarrarekin, Nafarroako Parlamentuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko ganbera legegileekin (Arabako, Bizkaia nahiz Gipuzkoako batzar nagusiak) elkarlanean atondutako egitasmo aitzindaria da hauxe.
Hasteko, erakusketa hauxe Gasteizen kokatuta dagoen Eusko Legebiltzarreko bigarren solairuan egongo da erakusgai ostiraletik urriaren 30era bitarte. Herritarrentzat ere zabalik izango da, honako egutegiarekin, ekainean eta urrian, astelehenetik-asteazkenera (11:00etatik 14:00etara); eta, uztailean eta irailean, astelehenetik-ostiralera (11:00etatik 14:00etara). Eusko Legebiltzarrean izan ondoren, Nafarroako Parlamentura lekualdatuko da , eta azarotik 2023ko urtarrilera bitartean ikusgai egongo da.
Erakusketak Euskal Autonomia Erkidegoko ganbera legegileek (Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiek), Eusko Legebiltzarrak, Nafarroako Parlamentuak eta Akitania Berriko eskualdeak gordetzen dituzten euskarazko testu juridiko esanguratsuak erakustea du erronkatzat, modu erakargarri, ulergarri eta interaktibo batean. Hori dela medio, 25 panel fisiko jarriko dira dokumentuen informazioarekin, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak, eta testu parajuridikoak.
Testu horien artean hainbat nabarmendu daitezke, hala nola, 1452ko Bizkaiko Foru Zaharren testua, Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak (XVI-XVII), Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza (1552), Arrangura-kaierak (1789), Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena (1790), Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea (1820), Bizkaiko Batzar Nagusien aktak (1833-1877), Bergarako ituna (1839), Euskal Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina (1936), Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (1950), Gernikako Autonomia Estatutua (1979) eta Nafarroako Foru Hobetzearen Legea (1982).