https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Memoriaren zirrikituak

Memoriaren zirrikituak

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Memoriaren zirrikituak bitxiak dira. Batzuetan buruan beti izan diren oroitzapenak desagertzen dira, eta haien ordez hutsunea besterik ez dugu topatzen. Badakigu zerbait zegoela hor eta ia-ia gogoratu ahal dugula iruditzen zaigu, baina ezinezkoa da, oroitzapenak bizitza propioa baitu eta bere nahian beregaina baita. Besteetan, oroitzapena ez da indibiduala, eta gizarte osoa amnesia moduko batean galtzen dela dirudi, historiak irakatsia alde batera utzirik. Aritz Gorrotxategiren idazlan honetan, 'Ahazten diren gauzak' izena duen narrazio liburuan, horretaz guztiaz ari da.

Oroimen mota desberdinak elkartzen dira hemengo narrazioetan. Batzuetan norbanakoari dagozkion istorioak topatzen ditugu. Eta kasu horretan ikus dezakegu nola pertsona baten oroimena, adibidez, poliki-poliki desegiten doan, alzheimerraren ondoriozkoa dirudien prozesu ende- katzailearen bidez. Gizakia neurri handian oroitzen duena ere badelarik, haren iraganeko pasarteak ezabatzen diren neurrian, gizakiaren identitatea jota geratzen da. Besteetan ahazten dena historia bera da, iragan kolektiboa, talde moduan zer izan garen adierazten diguna. Honetan ere ahazteak identitatea galtzea ekar dezake, baina are garrantzitsuagoa dena, historia ahaztean historia bera errepikatzeko zorian geratzen da, latinez esaten zen esakune hartatik ondorioztatzen zena konplituz. Talde moduan identitatea galtzeaz gain, gizatasuna ere bide bazterrean gera daiteke, besteekiko ikuspegi gizatiarra kamustuta. Eta bukatzeko, oroitzea asmatzearekin ere pareka daiteke, eta inoiz gertatu ez diren gauzak gogoratzera hel daiteke gizakia. Aritz Gorrotxategiren liburuan topatzen ditugun narrazioetan horrelako aukerak aipatzen dira.

Narrazioak

Egilea:
A. Gorrotxategi
Argitaletxea:
Erein Donostia, 2018#136 orr. 15,00 euro

Gai orokorra alde batera utzita istorio hauetan gehien nabarmentzen dena, nire ustez, emakumezkoei ematen zaien tokia da. Idazleak askotan erdigunean, protagonista moduan eta narratzailearen paperean ere, emakumeak jarri ditu. Oroimenaz aritzen den liburua izanik, planteamendu hau ahaztura historikoa nolabait gainditzeko ahalegintzat ere hartu behar da, eta bazterrean geratutakoen ahotsa errekuperatu nahi izan da isildutakoa lehen planora hurbilduz.

Temas

Euskera