https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Manuel Castells soziologoa Europar Batasunaren krisiari buruz mintzatuko da ekainean, EHUn

Manuel Castells liburu bat aurkezten, 2015ean./Efe
Manuel Castells liburu bat aurkezten, 2015ean. / Efe

Hitzaldiaren izenburua 'La crisis de la Unión Europea' da, eta EHUgunek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Partaidetza eta Komunitate Garapen Unibertsitate Masterrak antolatu dute

EL CORREO

Igande honetako hauteskundeen ondoren Europak izango duen panoramari buruzko hitzaldia eskainiko du Manuel Castells soziologoak ekainaren 12an, Bilbon, Bizkaia Aretoan. Hitzaldiaren izenburua 'La crisis de la Unión Europea (UE)' da, eta EHUgunek eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Partaidetza eta Komunitate Garapen Unibertsitate Masterrak antolatu dute.

«Globalizatzaileak nazionalizatu egin dira. Demokrazia liberalak behea jo du, mundu osoan galdu egin duelako herritarrentzat zeukan legitimitatea. Eta gaur egun alternatibarik ez dagoen arren -azaleratzen joan behar baitute-, demokraziaren egungo moldeek inertziagatik edo errepresioagatik jarraitzen dute hor. Jende gutxik du federik molde horietan. Eta, azken batean, gizakiek erabakitzen dute nola bizi nahi duten, denbora, izerdia eta malkoak kostatu arren», dio Castellsek.

Manuel Castellsek hiri soziologiaren arloan hasi zuen bere ibilbidea, eta, EHUk jakinarazi duenez, hiriaren eraldaketen eta auzotarren mugimenduen inguruan ardaztu zituen bere ikasketak. 1990eko hamarkadaren bukaeran, 'La era de la información' argitaratu zuen, egungo gizartea ulertzeko erreferentzia garrantzitsuenetakoa bihurtu den liburua. Duela gutxi, 'Ruptura: crisis de las democracias liberales' kaleratu du, Europar Batasunerantz hurbilduta.

Ibilbide oparoko gizona da Castells. Munduko 25 unibertsitatetan honoris causa doktore izendatu dute. Soziologiako katedraduna da Kataluniako Oberta Unibertsitatean, Soziologia Saileko Ikerketako zuzendaria Cambridgeko Unibertsitatean, eta Hiri eta Eskualde Plangintzako eta Soziologiako katedradun emeritua Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley).