Borrar
Paquito D'Rivera, duela urte batzuk.
Madeleine Peyroux eta Paquito D'Rivera izango dira 43. Getxoko Jazz jaialdiaren kartel-buru

Madeleine Peyroux eta Paquito D'Rivera izango dira 43. Getxoko Jazz jaialdiaren kartel-buru

Festibalak 29 musika emanaldi eskainiko ditu hemendik eta igandera arte

unai sarriugarte

Jueves, 4 de julio 2019, 12:43

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Madeleine Peyroux eta Paquito D'Rivera izango dira 43. Getxoko Jazz jaialdiaren kartel-buru. Festibalak 29 musika emanaldi eskainiko ditu hemendik eta igandera arte, bertan 85 musikari bilduko dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jazz denboraldia irekiko du Getxok, Gasteizko eta Donostiako jaialdiek hartuko baitute testigua gero, uztailaren 15ean eta 24an, hurrenez hurren.

Iñaki Saitua Getxoko Jazz jaialdiko zuzendariak nabarmendu duenez, hiru ardatz nagusi ditu Getxokoak: «kalitatea, aniztasuna eta musikari gazteen lana bultzatzeko apustua dira gure oinarri nagusiak«. Hori dela bide, hamazazpi talde, 85 musikari eta 29 emanaldi bilduko ditu aurtengo edizioak. Euskal Herriko eta nazioarteko musika bandak egongo dira agertoki gainean.

Aurtengo jaialdiaren berritasun garrantzitsuena oholtza nagusiaren aldaketa da. Azken urteotan Bihotz Alai plaza izan da agertoki nagusia. Aurten, berriz, Muxikebarri arte, kultura eta kongresuetarako zentro berrira izango da eszenatoki printzipala. Aurtengo jazz jaialdiak ordainpeko eta doako emanaldiak uztartuko ditu, doakoak Geltoki Plazan izango dira.

Andre Motis abeslari, saxofoi jotzaile eta tronpetista katalan gazteak ireki zuen atzo Getxoko Jazz jaialdiaren 43. edizioa. Motisek Sant Andreu Jazz Bandan eman zituen bere lehen urratsak tronpeta jotzen. 2017. urtean bere bakarkako lehen lana argitaratu zuen. Ondoren, Julian Lage gitarrista kaliforniarraren txanda izango da gaur, osteguna. Estatubatuarrak ibilbide oparoa landu du oholtza gainean. Izan ere, jazzaren munduko izar handiekin ibili da elkarlanean. Bere ibilbidean lau disko plazaratu izan ditu.

Kenny Barron pianista estatubatuarra ibiliko da agertoki gainean ostiralean. Jazzean, piano jotzaile erreferente nagusietakoa da 1990eko hamarkadaz geroztik, eta artista handiekin ibilitakoa. Barron, Dizzy Gillespieren eta Stan Getzen taldeetan aritu izan da jotzen.

Bestalde, asteburuan jaialdiaren plater nagusiak egongo dira entzungai. Larunbatean, Madeleine Peyroux estatubatuar abeslariaren kontzertua ikusteko aukera izango dute bisitariek. Jazz munduan nazioartean dagoen abeslaririk garrantzitsuenetarikoa da Peyroux. Hainbat disko kaleratu izan ditu, oso famatu bilakatu direnak jazz zaletuen artean. Bere azken lana 2018. urtean argitaratu zuen. Anthem, Bob Dylan, Bruce Springsteen, Brian MacLeod eta Patrick Warren musikarien kolaborazioak bildu ditu bertan.

Aurtengo jaialdiaren itxiera ekitaldian Paquito D'Rivera kubatar klarinete eta saxo jotzailea izango da protagonista. Irakere taldearen sortzaile izan zen Paquito. 30 disko inguru kaleratu izan ditu eta hamabi Grammy sari irabazi. Kontzertu hau Caribean Tour biraren barruan eskainiko du, jazz latinoko doinuak uztartuz.

Gainera, zenbait doako musika emanaldi ikusteko aukera izango dute bisitariek «Hirugarren milurtekoa» atalaren barruan. Hauexek Algortako Geltokia plazan eskainiko dira: uztailak 3, asteazkena, Kontxi Lorente Trio (Valentzia); uztailak 4, osteguna, Jon Urrutia Trío (Frantzia); uztailak 5, ostirala, Girls in Band Quintet (Euskadi - Katalunia); uztailak 6, larunbata, Ganador Concurso B-Jazz (Belgika); eta, uztailak 7, igandea, Juanma Urrriza Quartet (Nafarroa).

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios