Liburutegia atontzen
Liburutegia ·
Argitaletxeen arabera gorde ohi ditut liburuak. Horrela, elkarrekin haserre diren idazleak bata bestaren ondoan jartzeko arriskua saihesten duguEtxean igaro ditugun egun ilun hauetan, beste askok bezala, nire liburutegia atontzeko astia hartu dut. Atondu soilik ez. Emaztea, semea eta hirurok liburuak banan-banan apalategitik atera, amultsuki hartu eta garbitu egin ditugu, bakoitzari hautsa kendu diogu. Garbiketa lana luzea ez, baina sakona behintzat izan da.
Publicidad
Harkaitz Cano adiskideak eta orriotako kideak, aldizkari honetako bere zutabe batean abisua eman zuen liburutegiak ordenatzeko orduan gerta daitezkeen arriskuez, eta lan horretatik sortzen den nekearen pisua adierazi: «Jaitsi apaletatik liburuak, otoitz egin, guztiak hustu ondoren sabaia gainera eror ez dakizun, banan-banan hautsa kendu eta, hauxe da garrantzitsuena, berrantolatze lanari ekin».
Seme bakoitzak bere liburutegia du, emazteak berea, Arte Ederretako liburuak (hain eder, hain mardul!) bere apalategi berezian gordeta daude, baina etxeko liburutegi nagusia ez da oso garaia. Behetik gora, metro eskasa neurtzen du, 97 zentimetro juxtu, beraz sabaia gainera jausteko arrisku gutxi dugu. Hori bai, luzea da. U forma du, eta U horren alde luzeek 483 zentimetro neurtzen dituzte, eta laburrak 140. Adar luzeek hiru apalategiko lau zutabe gordetzen dituzte; eta laburrak, bakarra. Kontuak kalkulagailuarekin aterata, guztira, 33 metroko liburutegia da; hori bai, hormara josia ez dagoenez, alde bietatik sar ditzakegu liburuak eta 66 metro (gutxi gorabehera) ditugu liburuak gordetzeko. Kalkuluak ez dira guztiz zehatzak, zeren kontuan hartu beharko genituzke apalei eusteko apalategien artean diren zutabetxoak (eta bakoitzak 3 zentimetro neurtzen ditu, gutira 33 zentimetro gutxiago, alde bakoitzean).
Ez dut inoiz kontatu zenbat liburu sartzen diren apalategi horietan. Orain ere ez, nahikoa nuen-eta trapu zaharra astintzearekin. Badira liburu meheez osaturiko apalategiak, badira bidaia gidaz beterikoak, badira liburu mardulez, irudiz ongi bete eta hornituez osatuak, badira literaturaren historiez beteriko apalategiak. Eta gainera, denboraren poderioz, aitortu behar dut, gero eta toki gutxiago izanda, badira liburuak, behar bezala eta ekandu onak agintzen duen eraz, zutik gordeak, eta beste batzuk, nire lotsarako esango dut, etzanik pilaturikoak.
Arratsalde geldoetan zoruan jesarri eta yoga egingo banu bezala geratzen naiz belauniko liburuei begira
Hiru lau irizpide desberdin erabili izan ditugu liburutegiaren ordena mantentzeko. Lehena hizkuntza da, noski. Alde batean daude euskarazko liburuak, eta bestean gaztelerazkoak. Bigarren iritzia gaia da. Edo literatura generoa. Poesia liburuak alde batean; fikziozko prosa, ondoan. Gaiekin jarraituz, literaturaren historiak, kritika literarioak, literaturaren teoriak bakoitzak bere tokia du. Antropologia, Arte Ederraren historia, irakurketaren teoria, nobela poliziakoa: bakoitza, bere etxetxoan…
Publicidad
Ez naiz ni alfabetoari jarraitzearen aldekoa. Lan handia izango litzateke gaur eguneko gure egoeran, eta liburutegiaren egoeran, dena atera, hankaz gora jarri eta izenburuen arabera ordena ortodoxo berria ematen saiatzea. Argitaletxeen arabera gorde ohi ditut liburuak. Hemen Alianza, hor Iberoamericana, harago Susa, Erein eta Pamiela, hurbilago Elkar. Horrela, elkarrekin haserre diren idazleak bata bestaren ondoan jartzeko arriskua saihesten dugu.
Apalategi berezia
Euskarazko liburu asko bildumarik ez zegoenean argitaratu ziren. Kasu horretan kronologia historikoan ditut liburuak gordeak, kasu horretan ere poesia eta prosa banaturik… Etxepareren ondoren Oihenart dator, eta gero Etxeberri Ziburukoaren 'Manual Devotionezcoa', eta ondoren Juan Bautista Gamiz Ruiz de Oteo. Liburuak desberdinak dira, batzuk handiak, beste batzuk ahulak, baina kronologiak ematen du lotzeko modua. Horrela erraz aurkitu ohi ditut behar izanez gero.
Publicidad
Liburutegiko apal aleak asko direnez (bikoitzak izanik, guztira 54), badira adiskide idazleei eskainitakoak: Juan Kruz Igerabidek, Ramon Saizarbitoriak, Felipe Juaristik, Kirmen Uribek, Harkaitzek berak beren apala dute, beren liburuentzako bereziki gordeak. Gehienek idazlearen eskaintza dute eta estimu handian gordetzen ditut beste idazleenak ere: Erich Hackl, Alfons Cercera, Manuel Rivas, Suso de Toro, Xuan Bello. Edo adiskideen argitaletxeen liburuak batera: Beñat Arginzonizen El Gallo de Oro, eta Imanol Bértoloren Papeles Mínimos.
Badago beste apalategi bat berezia: liburu erosi, oparitu, lortu berriena. Han jartzen ditut etxera estreinaldian heldu direnak. Liburu bat dut, dena dela, mugarri eta muga zaindari, eta aitortuko dut zein den, Jessie Burtonen 'La casa de las minituras'; irakurtzen hasi, hasi nintzena, baina bertan behera utzi nuen liburua. Haren ezkerretara, oraindik irakurri gabe ditudan liburuak daude, eskumatara irakurritakoak. Ezkerreko batzuk urteak daramatzate han, liburu teknikoak dira gehienak, eta ez dakit zer gertatu zen urte hartan, baina 2015ean erositako liburu batzuk daude zerrendan irakurketaren zain. Eskumakoak, zain geratzen dira, bat-batean denak hartu eta dagokien tokira eramango ditudan egunaren zain. Beti bizirik dagoen apalategia da hori… Batzuk sartu, beste batzuk irten, eta bateren bat geldirik urteetan.
Publicidad
Harkaitz Canok bere artikuluan aipatu du yoga egin ostean hasi zela bera liburutegia txukuntzen. Niri alderantzizkoa gertatzen zait. Arratsalde geldoetan zoruan jesarri eta yoga egingo banu bezala geratzen naiz belauniko liburuei begira. Hipnotizatu egiten naute, bai, liburutegia nire bizitzaren, eta nire historiaren, metafora nagusia delako, egindako bidaien mapa, igarotako itsasoen nabegazio-karta.
Baina, batez ere, han geratzen naiz geldirik, liburu bakoitza non den ez ahazteko, eta behar dudanean arin aurkitzeko. Bizitzaren metafora izango da liburutegia, baina memoriak huts egiten du zenbaitetan eta memoriak ere entrenamendua behar du maiz.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión