Lekeitio, poesiaz blai
Euskaltzaindiak Irailekoak egitasmoaren lehen edizioa antolatu du irailaren 30ean eta urriaren 1ean, euskal poeten lana hauspotzeko baina baita beste bazter batzuetako lana aztertzeko ere
Leire Larrazabal
Asteartea, 19 iraila 2023, 16:36
Datorren irailaren 30ean eta urriaren 1ean poesia izango da jaun eta jabe Lekeitioko bazter guztietan. Izan ere, Irailekoak egitasmoaren lehen topaldia helduko da, bereziki euskal poeten lana gizarteratzeko asmoz baina baita beste bazter batzuetako olerkarien parte hartzearekin ere. Euskaltzaindiak antolatu du Irailekoak, Lekeitioko Udalaren eta herriko beste eragile batzuen laguntzarekin, besteak beste, Kitto merkatarien elkartea, Sociedad Recreativa eta Lekitto musika bandarena.
Andres Urrutia euskaltzainburuak prentsaurrekoan azaldu duen bezala, «ekimen berri bat gizartearen aurrean aurkeztera gatoz, formaz eta mamiz». Poesia lau haizeetara. Miren Agur Meabe euskaltzain osoa eta ekimen honen erantzule nagusiaren esanetan, «poesiari eskainitako asteburua izango da». Irailekoak egitaraua larunbatean abiatuko da Iratxe Retolazaren hitzaldiarekin, 'Perimetro politikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak' titulupean, 11.00etan, Sociedad Recreativan.
Ondoren, 13.00etan, San Juan Talakon, hiru poeten errezitaldia izango da Aritz Gorrotxategi, Nerea Arrien eta Eric Dicharryren eskutik, Inun musikariak lagunduta. Arratsaldean, 18.00etan, interesdunek kalez kaleko poesia musikatuaz gozatzeko aukera izango dute poeta gazteekin: Beatriz Chivite, Itziar Ugarte, Jokin Erkoreka, Libe Goitia eta Martin Bidaur. Egunari amaiera emateko, Maite Larbururen kontzertua, 22.00etan, San Jose elizan.
Igandean, berriz, katalanezko bi ahots handiren txanda helduko da. Iñigo Astiz kazetaria eta Antònia Vicens poetaren arteko solasaldia izango da 11.00etatik aurrera Sociedad Recreativan. Ondoren, beste solasaldi bat Itxaro Borda euskaltzain osoaren eta Mireia Calafell poetaren artean. Egun bi horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, 'Iraileko paperak' aldizkaria plazaratuko da, «oroigarri intelektual-poetiko gisa», aipatu du Meabek.
Irailekoak egitasmoa motorrak berotzen hasi da eta Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko, udaldian garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko hormak eta erakusleihoak. Lehenengo edizioa Lekeition ospatuko da eta hurrengoak non izango diren momentuz ez dakiten arren, espero dute Irailekoak jarraipena izatea.