Txikiteroen Eguna ospatu zuten ostiralean Bilboko Zazpi Kaleetan
Hainbat kantaz osatutako errepertorioa interpretatu zuten
UNAI SARRIUGARTE
Astelehena, 14 urria 2019, 22:50
Txikiteroen Eguna ospatu zuten ostiraleam Bilboko Zazpi Kaleetan. Unamuno Plazan hasi zuten egun berezi hauxe eta egun osoan luzatu zen ospakizuna. Txikiteroen ordezkaritza jantzi zuriz hornitua eta mahatsez betetako otzarez inguraturik murgildu zen Alde Zaharrean. Denboraldi berriko lehen txikitoa Begoñako Ama Birjinari eskaini zioten, beraren baitan antolatu ohi baita egun seinalatu hauxe.
Lehendabiziko geldialgia Alde Zaharreko Done Jakue plazan burutu zuten. Bertan Trabudu Dantza Taldeko kideek 'Mahaigaineko' izeneko pieza eskaini zuten. Hauxe antzerkia eta dantza uztartzen dituen emanaldia da. Bertan ageri ziren turista eta zalegoek txalo zaparrada artean hartu zuten ikuskizuna.
Zazpi kaleetan barrena ardoa egiteko prentsa jarri zuten abian. Bertan Bizkaiko Txakolinaren elkarteko presidentea den Unai Solabarriak ardoaren ekoizpenaren xehetasunak azaldu zituen. Solabarriak denboraldi oparoa izango dela aurreikusi zuen, txakolinaren kalitatea azken urteotako onenetarikoa izan dela aitortuz.
Ondoren, txikiteroek 'Agur, jaunak' kanta abestu zuten. Txikiteroen ikuskizunera bertaratu ziren zalegoen doinuak batu zitzaizkien. Berriro ere bertan zeuden turista eta ikus-entzuleek txalo zaparrada batean omendu zituzten egun magiko honetan esku hartzen ziharduten parte-hartzaileak.
'Agur, Jaunak' abestia eta gero, hainbat kantaz osatutako errepertorioa interpretatu zuten, 'Begoñako Ama Birjinaren' kanta, esaterako. Kantu emanaldia amaitu ondoren, egun berezi honen antolatzaileek doako janaria eta edaria banatu zuten zalegoen artean. Egun ikaragarri hau amaitzeko era ezinhobea.