Larrabetzun euskaraz erosteak saria dauka
Udalak erosketak gure hizkuntzan egitera animatzeko 700 tiket banatu ditu bertako zazpi saltokitan. Lauk saria dute, Nafarroako hainbat produkturekin osatutako otzara, alegia
«Egun on. Ogia, mesedez». «Bakailaoa jarriko didazu?». «Barkatu, esnea badakizu non dagoen?». Egunero egunero, herriko dendetan entzun ahal diren esaldiak dira, baina erdaraz. Erosketak euskaraz egitea posiblea da eta hori da hain zuzen Larrabetzuko Udalak bultzatu nahi duena. Gobernu taldeak badaki aurreneko urratsa ematea dela askotan zailena. Hori dela eta, lana errazteko laguntza luzatu nahi du. Nola? Bada bertako komertzioetan erosten dutenek aurreneko hitza edo esaldia euskaraz esaten badute, sari bat jasotzeko aukera izango dute. Modu honetan, esparru honetan ere euskarari ateak zabaldu nahi dizkiote.
'Larrabetzun, euskaraz eskatzeak saria dauka!' ekimena martxan jarri du, beraz, euskarazko batzordeak. «Euskararen erabilera sustatzeko estrategien bila ibili gara beti. Kasu honetan komertzioei jarri diegu arreta. Errigorako lau otzara genituen gordeta, Nafarroako hainbat produkturekin, eta hori zozketatzea erabaki genuen», azaldu du Iñigo Gazteluk, Larrabetzuko alkateak. Bigarren urratsa zozketa nola egingo zen zehaztea izan zen, baina erraz topatu zuten bidea.
Udalerriko zazpi negoziotan kanpainaren txartelak banatu dituzte: Aliprox supermerkatua, Elorriaga harategia, Koloretakoak frutadenda, Larrabetzuko estankoa, Sarrikolea okindegia, Txispamendi okindegia eta Villegas arrandegia. Orotara 700 dira tiketak eta guztietatik lauk saria dute. «Dagoeneko bi banatu ditugu. Kanpainak harrera ona izan du, jendea asko animatu da. Eguneroko erosketei bizia ematea ere bilatzen dugu», esan du. Dagoeneko beste bina sari geratzen dira banatzeke, eta tiketak hurrengo zazpi edo zortzi egunetan agortuko direla aurreikusten dute.