Larrabetzuko eskolako ikasleek zuhaitz inbaditzaile mota bat ordezkatu dute bertako espezieekin
Errekondo kalean zeuden 23 ale berritu dituzte. Lehen Txinatik eta Japoniatik heldutako Ligustrum Lucidum espeziea zegoen, eta, horren ordez, oain autoktonoak diren Otsalizarra-Serbal eta Urkiak-Abedules landatu dituzte
Larrabetzuko eskolako ikasleen eskuetan utzi dute Errekondo kaleko zuhaitzak berritzeko lana, maisuki burutu dutena. Orotara, 23 ale landatu dituzte, Besaiak eta Gym Berdearekin egindako proiektu honetan. Otsalizarra-Serbal eta Urkiak-Abedules dira landatu diren bi espezieak, bertakoak direnak. Estrategia honen bitartez, lekuan duela urte batzuk antzeman zuten arazo bati konponbidea eman diote. Izan ere, 2017an ireki zen kale horretan Ligustrum Lucidum espezie inbaditzailea zegoen, Txina eta Japoniatik etorria.
Arazo hori dela eta, Udalak zenbait lan-ildo ezarri zituen espezie hori ingurune naturalean sakabanatzea geldiarazteko. Horretarako, egokitzat jotzen ez diren aleak pixkanaka ordeztu zituen, eta tokian bertan jarri zituen bertakoak. Gainera, ekintzak balio hezitzaileak ditu, gazteak naturaren munduan barneratu baitira.
Lehenik eta behin, hutsik dauden txorkoak -zuhaitzak landatzen diren zuloak- garbitu dituzte. Hori, libre zeuden txorkoen kasuan. Gainerako kasuetan, bizirik zeuden aleak kendu dituzte inguruari kalterik egiten ez jarraitzeko. Buru-belarri aritu dira gazteak lanean, udalerriaren mesederako lan egiten.
Otsalizarra hariztiaren eta pagadiaren lagun den espezie bat da, zuhaitz handiek jaustean uzten dituzten soilguneetan sortzen dena. Bere fruituak, gainera, hegaztiek baliatzen dituzte, eta, aurreko garai batzuetan, gizakiek ere bai. Urkiari dagokionez, zuhaitz aitzindaria da, hau da, basoa berreskuratzeko iristen lehenengoetakoa, behin suntsitu ondoren.