https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Komunikazio poesia

Liburuaren azala./
Liburuaren azala.

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Euskal literaturan eta bereziki euskal poesian itxuraz kontrajarrita dauden bi joera topatzen ditugu oso maiz. Alde batetik, oso gazteak diruditen poeten lehenengo lanak argitaratzen dituzten liburuak ugari dira gure artean, eta askotan horretan gelditzen da poetaren ibilbidea, idazlan bakar batean. Lehen, askoz gehiagotan ikusten ziren kasu hauek. Oraingoan joera nagusia bestelakoa dela ematen du: pertsona batek bizitzan dagoeneko eskarmentua duelarik erabakitzen du poema liburu batean bere burua adieraztea, eta poeta moduan egindako bere lehenengo lana helduaroan sartuta dagoenean plazaratzen du. Azken multzo honetakoa da Idurre Eskisabel. Idazketarekin zerikusia duten beste alor batzuetan emaitza interesgarriak eskaini ondoren, poema liburu batekin agertzen zaigu literatur sormenean.

'Goseak janak' du izenburua bilduma honek, eta bizitza esperientziatik idatzitako poesia agertzen zaigu. Honelako liburuen aurrean, irakurleak kontuan hartu behar du idazlearen helburu nagusia ez dela estetikoa. Estetika baztertu gabe (azken finean poemak idazten ditu), egileak adierazpidea bilatzen du poesian. Beraz, komunikazioa hobesten da objektu estetikoaren gainetik, eta komunikazio horretan oztopo izan daitezkeen osagaiak bazterrean uzten dira. Honen ondorioz, poema hauetan ez da baliabide erretoriko konplexurik erabiltzen, eta topatzen ditugunak ohiko xamarrak izaten dira. Poesia bera ere ez da hausnarketarako gaia, egileak bere burua adierazteko duen bidea baizik. Eskisabelen idazlanaren kasuan gizaki modernoa kezkatzen duten zenbait gai eta arazo adierazten dira, beti ere gai eta arazo hauek bizi esperientziatik ikusita. Identitateaz hitz egiten da batzuetan eta orduan galdera bat planteatzen zaigu: Zer da funtsezkoena subjektu batentzat? Honekin batera eguneroko bizitzak inposatzen dituen mugak ere azaltzen dira, gizartearen eta gizabanakoaren arteko dialektikaren bidez. Eta honekin erlazionatutako beste talka bat ere hizpide dugu, idealismoaren eta errealitatearen artekoa.

Poesia zuzena dugu hemengoa, ironikoa askotan. Eta baliabide poetikoen aldetik mugatua bada ere, idazlearen ikuspuntuak interesgarri bihurtzen du.

Goseak janak

Olerkiak Egilea:
Idurre Eskisabel LarrañagaArgitaletxea: Susa Zarautz, 2018 96 orr. 13,50 euro

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos