Kimu, enpresa eta erakundeentzako euskarazko txatbot berria
Ataza ugaritarako erabil daitekeen eredu arina sortu du Oraik. Bere arduradunen arabera, itzulpenak eta laburpenak egiteko, dokumentuen gaineko galderei erantzuteko, informazioa erauzteko, eta testuak zuzentzeko eta egokitzeko balioko du, besteak beste»
Kimu izeneko euskarazko txatbot bat iragarri du Orai adimen artifizialeko zentroak ostegun honetan, enpresa eta erakundeen eguneroko lanetan lagungarri izango dena. Ander Corral ikertzaileak eta Xabier Saralegi Oraiko NLP Teknologietako arduradunak azaldu dutenaren arabera, «programa berriak enpresa eta erakundeen zerbitzarietan eta ordenagailuetan instala daiteke dagoeneko modu erraz eta merke batean, tamaina txikiko eredu arina izateagatik. Gainera, datuen pribatutasuna eta konfidentzialtasuna zaintzeko aukera ematen du, ChatGPT bezalako beste batzuekin ez bezala».
Ildo horretan, diote eredua zerbitzatzeko hardwarearen «kostua nabarmen murrizten dela, makina merkeagoa behar baita eredu hau instalatzeko». Hau da, «eredu libre handiagoek askoz makina garestiagoak behar dituzte, eta emaitzen kalitatean eskaintzen duten hobekuntza ez da hain handia hainbat atazatan. Beraz, euskarazko eredu hau paregabea da», azaldu dute.
Zer nolako aukerak eskainiko dituen? Bada, hizkuntza arrunta baliatuz erabiltzaileak euskaraz eskatutako hainbat ataza ulertu eta gauzatzeko gai da eredua: «Testuinguru profesional batean itzulpenak eta laburpenak egiteko balioko du, baita dokumentuen gaineko galderei erantzuteko, informazioa ateratzeko, eta testuak zuzentzeko eta egokitzeko ere, besteak beste», azaldu dute. Halaber, «Kimuk sistemaren eguneratzeak eskainiko ditu, eta, enpresen eta erakundeen beharren arabera, eredua eginkizun zehatzetarako espezializatzeko aukera ere emango du». Eredu berria probatzeko Beta webgune bat sortu du Oraik: kimu.orai.eus.
Programa berriaren arduradunek jakinarazi dute Kimuk emaitza onak ematen dituela beste hainbat hizkuntzatan ere: gaztelania, ingelesa, italiera… Eta euskararekin ez ezik, swahiliarekin eta galesarekin esperimentuak egin dituztela ere, egiaztatzeko euren metodoa aplikagarria dela beste baliabide urriko hizkuntza batzuetan. «Hizkuntza guztietan, oinarri-lerroko sistemen emaitzak nabarmen hobetzea lortu da gure metodoa erabiliz», amaitu dute.