Kantauriko txokorik ederrenak zeharkatuko dituen CTC ibilbidea Bilbon amaituko da
Iberica Coast To Coast enpresak Ruta Cantábrica izeneko txirrindularitza martxa berria aurkeztu du, abuztuan egingo dena
Nahikari Cayado
Osteguna, 11 ekaina 2020, 20:57
Iberica Coast To Coast (CTC) enpresak, 1995az gerotik kalitatezko ibilbide zikloturistak antolatu dituenak, Ruta Cántabrica CTC martxa aurkeztu berri du, abuztuaren 22tik 30era bitartean egingo dena. Kantaurialdeko tokirik ederrenak zeharkatuko dituen ibilbide honen lehenengo edizioa Galizian hasiko da eta amaiera Bizkaiko hiriburuan, Bilbon, izango du. Ibilbidea ez da batere erraza izango antolatzaileen esanetan. Halere, eta adierazten dutenez, Iberiar Penintsulako parke naturalik harrigarrienak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Guztira zazpi etapek osatzen dute Ruta Cántabrica CTC. Horietan, eta txirrindularitzan zaleak direnek ondo imajinatuko dutenez, penintsulako iparraldeko porturik desafiatzaileenak igo beharko dira. Horien artean, Angliru, Covadongako aintzirak, Cobertoria edo Estacas de Trueba, besteak beste. Horietaz gain baina, hain ezagunak ez diren beste hainbeste portu igo beharko dituzte partaideek. Antolatzaileek argi utzi dute, nahiz eta ezagunak ez izan, ez duela esan nahi igotzen errazagoak izango direnik.
Ibilbide lauagoak aurkituko dituzte ere parte-hartzaileek. Kasu horietan, Gijon, Cangas de Onís edo Puente Viesgo bezalako herri eta hiri liluragarriez gozatu ahal izango dute. Noski, nola ez, horien artean ere Bilbo sartzen da, ibilbidearen azkeneko geralekua. Ibilbidea zehatz mehatz ikusi nahi duenak helbide honetan dauka horretarako aukera, eta baita izena emateko ere.
Iberika CTC-k antolatzen dituen martxa guztietan ohikoa denez, oraingoan ere, inskripzioarekin batera pakete turistikoa eskaintzen da. Bertan, ostatuak, otorduak, ekipajeen garraioa eta bertan parte hartzeko beharrezkoak diren zerbitzu guztiak batzen dira.
Deskontu berezia
Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, Ruta Cántabrica CTC-ren antolatzaileek segurtasun protokoloekin bat egingo dutela jakinarazi dute. Gainera, osasun arloko langileei esker ona aitortzeko asmoz, %30eko deskontu berezia egingo diete alarma egoerak iraun duen bitartean lanean izan direla frogatzen duten guztiei.