Itxuraldaketa
Kosta egiten zait ulertzea ze demontre ikusten duten ispiluan aurpegia behin eta berriz itxuraldatu duten pertsona horiek. Jakin badakit adinarekin batzuetan ez dela erraza egiten ispiluak erakusten digunarekin konforme egotea, bilakatu zaren hori onartzea. Berdin aspaldiko argazkiekin. Niri, norbaitek aspaldiko argazki bat erakutsi ondoren argazkiko hura ni ote naizen galdetzen didanean, beti erantzuten dut ni nintzela, baina naizena ez dela hori, naizena begien bistan duela.
Nola demontre egiten dute bat ispiluan azaltzen den karikatura geldi horrekin? Eta ez, bakarrik, ebakuntza edo dena delako sendabidea merkealdietan erosi dutenen kasuan. Horretan dirutza gastatzen duen askori, sendagilerik hoberenarengana joateko dirua sobran duen askori ere gertatzen zaio desitxuratze irrigarri hori. Ez zaie zimurrik gelditzen aurpegian, baina aurpegia bera ezabatu diete, adierazkortasunik gabeko maskara bat besterik ez zaie gelditzen, nola hala guztiak ama beraren ahizpa balira bezala.
Badakit azken hamarraldiotan gazte itxura mantentzea idatzi gabeko lege indartsua dela, kostarik kosta lortu behar dugula gure nortasun agiriak dioenari urte batzuk kenduko dizkion itxura. Ulertzen dut ebakuntzaren ondoren desitxuratu dituen sendagileak haien edertasuna goraipatzea, zeinen ederra zauden, zenbat gaztetu den zure itxura eta antzeko lausenguak. Baina ulertezina egiten zait nork bere burua engainatzeko gaitasun hori.
Gainera, gero eta neska gazteagoek jotzen dute ebakuntzetara, dirudienez, sare sozialetan erabiltzen diren irazkiei esker. Nonbait, behin zure argazki bat edertzen duzunean, jasanezina zaizu zure benetako aurpegia. Hor hasten omen da maskarara daraman bide garesti eta geldiezina.
Onartuko dut halakoentzat pena ematen duen emakume zaharkitua naizela, baina niri beraiek ematen didate pena, maskaradunek.