Isil unea, ilun aldia
Literatura Agian isil une, ilun aldi hau bizi izan dutenek konturatu dira zein lagungarri den irakurtzea, zenbat adore ematen duen kulturak
Etxean geratzeko deialdiak ekarri du egoera berri hau, kultura arloko etenaldi iluna. Isil une, ilun aldi izugarri hau.
Gogoan dut Bernardo Atxagaren nobela berria (azkena izango dela iragarri badu ere). Otsailean hasi zuen bere ibilbidea gaztelaniaz. Eta inorentzat berria ez denez, aipatuko dut niretzako nobela borobila dela. Eten da bere bidea. Ulergarria da kulturgintzan lanean dihardutenen, liburuen salmentaz bizi diren egileen kezka. Itxita daude liburu dendak, ez dago hitzaldirik, ez dago irakurleekin egoteko aukerarik. Eta galera ekonomikoez gain, galera sinbolikoak ere kontuan hartu beharko lirateke.
Kirmen Uriberen '17 segundo' liburua ere gaztelaniaz agertzekoa zen, etenaldiak argitalpena eragotzi duenean. Visor argitaletxeak dena prest zeukan liburua kaleratzeko, aleak josita omen zeuzkaten. Biltegietan geratu da, isil eta mutu. Gure etxeetatik irteten garenerako, maiatza aurrera egina izango da, ziurrenik, eta ez da garai ona izango liburu bila joateko. Gogoratuko al gara honetaz garai ilun hau bukatu ondoren? Izango ote dugu gogorik libururik erosteko?
Galder Reguerak otsailean atera zuen bere 'Libro de familia' aitorpen liburua. Aitaren gaia bihotzean josirik zuen egileak eta kontatu nahi zuen kosta ahala kosta. Lortu du, agertu da liburua, hasi da zabaltzen eta, bat-batean, dena itxi da, aukerak galdu ditu. Ziurrenik Atxagarena eta Reguerarena izango ziren aurtengo Liburuaren Egunean liburu izarrak, aipatuenak, erosienak…
Gogoan ditut euskaraz argitaratu diren liburuak ere. Igartza Saria irabazi eta martxoan euskal argitalpen sasoi berriari hasiera eman zion Erika Elizari (1988) egile berriaren 'Zendabalitz' nobela, Aiora Sampedroren esanetan, «komedia gisa definitu daiteke liburua… prosa freskoa gehitu behar zaiolako, irakurketa erraztu eta bizkortzen duena, erritmoa bizituz», eta Igor Estankonaren (1977) 'Moskito' poema liburu. Estankonarenak, sikiera, argitalpen elektronikoa du bere bidean. Edo Balea Zuria poesia argitaletxeak kaleraturiko Baudelaireren 'Gaitzaren loreak' liburua. Patxi Apalategi itzultzaileak eman du frantsesaren maisu lana euskaraz eta errimaturik.
Itxialdia bukatzen denean, gogoratuko ditugu?, hartuko ditugu kontuan?, itzuliko gara haien bila liburu dendetara? Gogoratuko ote gara irakurtzeaz garai ilun hau bukatu ondoren? Izango ote dugu gogorik libururik erosteko?
Liburuak arazoaren arlo mingarria da, batez ere niretzako, bizitza guztian izan baititut ondoan eta barnean. Haiengatik naiz naizena. Liburuena gogorra izanda ere, garratzagoa izango da aurrez aurre garatzen den kulturgintzarekin. Noiz zabalduko dira antzerkiak?, noiz joango gara berriz, besarkaturik, herri kontzertuak entzutera? Izango dugu operara joateko betarik, orkestra sinfonikoen emanaldiak gozatzeko modurik?
Aipatu nahi nituzke etxekoak, Belako taldekoak. Martxoaren 11n irten ziren New Yorkera. Bederatzi emanaldi zituzten kontratuak Ameriketako Estatu Batuetan, Brooklinen eta Austinen. Eta bat izan ezik beste guztiak bertan behera geratu zitzaizkien. Bat hori gainera, txikia eta jende gutxikoa izan omen zen. Hiru egun han egin eta itzuli behar izan zuten, Trumpek hegaldiak eteteko agindua eman zuenean, eta han utzi zituzten hegaldiak eta hotelak ordaindurik, baina haietara joan gabe.
«Bizitza guztian izan ditut liburuak ondoan eta barnean. Haiengatik naiz naizena. Bestalde, noiz zabalduko dira berriro antzokiak?»
Isil aldi, ilun une hauetan berri pozgarri bakarra heldu zait: Italian liburu dendak zabaldu dituzte. Gurean, maiatzaren erdialdean egingo omen dutela diote. Poz handia -garai hauetan poza sentitzeko modu apala gogoan hartuz, jakina- izan nuen liburua «behar beharrezko» objektua zela aitortu zuenean Italiako Gobernuak. El País egunkariak Veneziako La Toletta liburu dendaren argazki batekin ilustratu zuen berria. Ezaguna egin zitzaidan, bai. Veneziako Unibertsitatean eskolak ematen ditudanean, ostatu moduan hartzen dudan Santo Estefano hoteletik Fakultaterako bidean aurkitzen dut La Toletta liburu denda hori. Eta maiz sartu izan naiz bertan liburuak begiratzera eta batzuk erostera. Buruan dut bai, kalean izkina egiten du, eta bat-batean kale estua zabaldu egiten da ibai-errekasto baten bazterrean. Venezian ez dira erraz aurkitzen liburu dendak, horregatik, hein batean, nirea zelako maite nuen La Toletta, eta zabalik ikustea sinbolo gisa hartu nuen. Baina, egia esan, ez dakit interpretaziorik ematen. Agian isil une, ilun aldi hau bizi izan dutenek konturatu dira zein lagungarri den irakurtzea, zenbat adore ematen duen kulturak.
Badakit kulturgintzako lanetik bakarrik bizi diren egileek eta sortzaileek oso gaizki pasatu behar dutela garai hauetan, beste autonomo askoren moduan. Kulturak min ematen dit, min handia, garai ilun hauetan, isil une hauetan.
Zein izango ote da kulturaren bidea? Zabalduko dira antzerkirako tokiak uda baino lehenago? Kantariek izango dute jenderik entzule? Artistek jokatuko dituzte beren antzerki lanak antzokietan? Ala Interneteko bideak jango du sortzaileen esparrua?
Bitartean, Erein argitaletxeak Paolo Giordanoren 'Kutsaldia' ekarri digu orri honetara. Eta esanguratsuak dira egilearen lehen hitzak: «Ez dut gaixotzeko beldurrik. Zeren beldur naiz ba? Pandemiak alda dezakeen guztiaren beldur». Garai ilunak sortzaileentzat. Izango ditugu gogoan etxeko ateak zabaltzerakoan, isil unea, ilun aldia bukatzerakoan?