Irune Basagoiti eta Ibai Amillategi, finalaurrekoetara, asteburuan nagusitu ondoren
Galdakaoko Torrezabal kultur etxean eta Getxoko Muxikebarri Arrigunaga aretoan jokatu dira lehenengo faseko azken saioak
Irune Basagoiti eta Ibai Amillategi Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetarako sailkatu dira asteburu honetan, Galdakaoko Torrezabal kultur etxean eta Getxoko Muxikebarri Arrigunaga aretoan jokatutako lehenengo faseko saioetan nagusitu ondoren.
Larunbateko saioa, orain arteko laugarrena eta lehenengo faseko azken aurrekoa izandakoa, Galdakaon ospatu zen larunbatean. Honako sei bertsolari hauek aritu ziren areto beteari kantatzen: Araitz Katarain Mugarza, Asier Galarza Garai, Bittor Altube Sarrionandia, Enare Muniategi Etxabe, Irune Basagoiti Agirre eta Paule Ixiar Loizaga Legarra. Esan bezala, lan puntuagarri guztiak egin ostean, Irune Basagoiti izan zen puntu gehien batu dituena: 473 puntu. Beraz, azaroaren 9an jokatuko den Barakaldoko finalaurrekora zuzenean sailkatu da. Gainontzeko bertsolariek, puntuazioaren arabera izango dute hurrengo fasean kantatzeko aukera.
Bestalde, igande honetan bosgarren saioa eta lehehenengo faseko azkena ospatu zuten Getxon, finalaurrekoen lehenengo bueltako zerrenda osatuz, Ibai Amillategi Barakaldoko saiora sailkatu ostean. Getxoko Muxikebarri Arrigunaga aretoa bete-beteta egon zen eta honako sei bertsolari hauek aritu ziren Getxoko areto beteari kantatzen: Aitor Esteban Etxebarria, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Janire Arrizabalaga Munduate, Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria, Mikel Goiriena Larrazabal eta Peio Molinuevo Martin.
Lan puntuagarri guztiak egin ostean, Ibai Amillategi izan zen puntu gehien batu zituena: 470.5 puntu. Beraz, azaroaren 9an jokatuko den Barakaldoko finalaurrekora zuzenean sailkatu da. Eta Galdakaokoan bezala, gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoen lehenengo bueltan kantatzeko aukera.
Saioetan Begoñe Olabarria Astobiza eta Leire Garatxena Larrabe izan dira gai-jartzaileak.