Neurri berria: Mexiko hirian ume transexualek izena alda dezakete auzitegietara jo gabe
Hala, guraso edota euren tutoreen baimena izanda, etxeko txikienek eurek direna aitortzen duen nortasun agiria izateko aukera dute
UNAI SARRIUGARTE
Osteguna, 10 iraila 2020, 14:24
Irailaren 9tik Mexiko hirian ume transexualek izena alda dezakete auzitegietara jo gabe. Hori dela medio, guraso edota euren tutoreen baimena izanda, etxeko txikienek eurek direna aitortzen duen nortasun agiria izateko aukera dute. Hala, iragarri du aste honetan Mexiko Hiriko Gobernu buru den Claudia Sheinbaumek.
Neurri berri honen bitartez, aurrerapauso ikaragarria eman da umeen erabakitzeko eskubidearen alde. Azkenean, trans seme-alabak dituzten guraso askoren borrokak fruitua eman omen du. Izan ere, izena aldatzeko tramite horiek luze xamarrak eta traumatikoak izan ohi dira.
Neurri honetaz gain, Sheinbaumek gidatzen duen Gobernuak beste neurri bat ere onartu du. Hemendik aurrera, adopzio bat egin nahi duten guraso bakarrek edota bikote homosexualek ez dute edonolako trabarik izango adopzio prozesu batean murgiltzeko.
Gainera, Gobernua buru belarri ari da lanean trans kolektiboari arreta espezifikoa eskainiko dion lehendabiziko klinika martxan jartzeko. Gobernuaren estimazioek diotenez, proiektua urte amaierarako martxan egongo liteke. Esparru horrek kolektiboiari arreta medikua eta psikologikoa emango dio, baita aholkularitza zerbitzuak eskaini ere.
Gaur egun Mexikon trans pertsona baten batez besteko bizitza 35 urtekoa da. Azken 12 urteotan nazioarteko trans hilketen % 78 Hego Amerikan gertatu dira, Trans Heriotzen Erakundeak aditzera eman duenez, 2.608 pertsona inguru. Azken bost urteotan Mexikon 4.703 pertsonari genero identitatea aitortu zaie, batez ere Mexiko Hirian.