https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Iraganaren zama

Liburuaren azala./
Liburuaren azala.

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Argitara eman duen azken liburuan Iñigo Aranbarrik iraganaren zamak zapalduta bizi diren pertsonaia batzuk aurkezten ditu. Narrazioak biltzen dira idazlanean, beraz argumentuaren aldetik testuek ildo desberdinetatik jotzen dute, baina funtsean antzeko jarrera erakusten dute 'Munduko tokirik ederrena' izenburuko liburu honetan agertzen diren istorio guztiek, eta horrek batasuna ematen dio bildumari. Jarrera berdintsua da, eta neurri handi batean espazioa ere bai, pertsonaiek batzuetan itogarria dirudien bailara batean bizi izandakoak gogoratzen baitituzte. Izan ere, liburu honetan agertzen diren zenbait narraziotan pertsonaiak haurtzaroan halako leku batean bizi izan ziren, eta nagusiak direlarik batzuetan esparru hori atzean utzi duten arren, bertan gertatutakoek jarraitzen dute presente izaten, ezinbestean. Oroitzapen pertsonalak plazaratzen dituzte normalean. Haur eta gaztearen begietan nolabait distortsionatuta agertzen ziren gertakari horiek, ulertezinak neurri handi batean, denbora igaro ahala argitu zaizkie. Orduan ulertzen dute benetan zer gertatu zen eta zer esan nahi zuten gertakariok. Oroitzapenak nagusi izan arren ez dago lekurik nostalgiarako, gogoan dituzten horiek normalean ez daudelako momentu zoriontsuei loturik. Zama bat bezalakoak dira, eta obsesioaren puntura heltzen direla ere ematen du askotan. Baina pertsonaiek aurrera jarraitu behar dute zama hori gorabehera.

Istorioak kontatzeko idazleak askotan inguru fisikoa pertsonaien gorabeherekin batera aldatzen erakusten digu, naturalezan, paisaian edo eguraldian pertsonaien aldartearen paralelismoak aurkituko balira bezala, istorioak zantzuz betetzen. Ezin daiteke liburu honetaz hitz egin idazkera bera aipatu gabe. Iñigo Aranbarriren narrazioak iradokorrak dira. Gauzak argi azaltzen dira, eta argumentuak arazorik gabe jarraitu daitezke. Baina azaltzen diren gauza hauen ondoan, lausotuta eta hitz erdiz kontatuta geratzen direnak ere badaude, iradoki baino egiten ez direnak, idazkera askotan inpresionista baten bidez.

Zer kontatzen duen interesgarria da, baina nola kontatzen duen ikusita liburu hau irakurtzea esperientzia estetikoa ere bada.

Munduko...

Egilea:
Iñigo Aranbarri Argitaletxea: Susa Zarautz, 2018, 160 orr. 17,50 euro

Temas

Euskera