Borrar
El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 5 de diciembre
Leire Franco, trapuzko panpin batekin.
Maite Franko, ipuin-kontalaria

«Ipuinek gai, mami, botere katartiko eta irakaspen erakargarri eta bizigarriak dituzte»

Handik eta hemendik ibiltzen da ipuinak kontatzen. «Kontalaritzak munduko lanik ederrenetako bat izaten jarraitzen du», aitortzen du. Bere pasioa lanbide bihurtzea lortu du

Leire Larrazabal

Ostirala, 17 abendua 2021, 00:34

Comenta

«Txipiroi-arrantzale eta lehorreko lamia baten zazpigarren alaba naiz», aurkezten du bere burua Maite Franko irundarrak. Antzerkigintza, irakaskuntza, bikoizketa eta literaturaren ur handietan oinak buztitakoa dugu. 2004 urteaz geroztik, ipuin-kontalaritzaren «ozeano barean nabil, ordutik hona 3.000 saiotik gora eskainiz», gaineratzen du. Bertan, ahoz aho ibilitako ipuinak argitaratu berriak zein egileak berak sortutakoak jolas, asmakizun eta dramatizazioekin nahasten dira, «barruan umore, misterio, mezu positiboak eta kresala ugari daramatzatelarik».

-Zergaitik ipuin-kontalaria?

-Arrazoi asko dira medio: ama oso ipuinzalea dugu (telebista oso berandu sartu zen gure bizitzan; amarekin ez genuen behar), eta baita 'faranduleroa' ere (ez dago inor Lina Morgan hobeto imitatzen duenik, ezta Linak berak ere). Aita ere oso pasadizo kontalari ona zen. Halaber, 2003. urtean Galtzagorri Haur eta Gazte Literatur elkartean lanean hasi nintzen eta bertan gertutik ezagutu ahal izan nituen hainbat kontalari, berehalakoan haien ogibidea erakargarria suertatuz.

-Nolako gaiak jorratzen dituzu?

-Egia esan, ipuinak kontatzen hasi nintzenean ez nituen ipuin saioak gaika antolatzen; ez nuen horren beharrik ikusten. Hasi banintzen, beharrak hala bideratuta izan zen, konturatu bainintzen programatzaileei erakargarriagoa suertatzen zitzaiela modu horretan lan egitea. Gaur egun, era guztietakoak jorratzen ditut, eta egia da gustua hartu niola lan egiteko modu horri. Badira saio berean bi gai batera lantzeko eskatzen dizutenak ere. Adibidez, behin, umeen eskubideak aniztasun funtzionalarekin ezkondu behar izan nituen, eta erronka bezala interesgarriak direnak. Hala ere, nahiz eta maite dudan, jarraitzen dut pentsatzen ipuinek beraiek badutela bere horretan nahiko gai, nahiko mami, nahiko botere katartiko, nahiko irakaspen, nahiko erakargarri eta bizigarri (onak direnean, behintzat), eta berez ez genituzkeela 'erabili' behar. Horregatik asko gustatzen zait gai jakinik gabe ere aritzea.

-Ipuina baliabide ezin hobea izan daiteke gai 'konplexuak' mahai gainean ezartzeko. Umeek ziur ipuinaren bitartez alor 'zailenak' ere ulertzeko gai direla, eta, gainera, modu erakargarrian.

-Bai, halaxe da nire ustetan ere. Urteak daramatzat, adibidez, parekidetasuna, kulturartekotasuna edota heriotza bezalako gai potoloak ardatz gisa duten ipuinak kontatzen. Nahiko txikiak diren umeei kontatzen, egia esan. Tarteka, euskara maila ere nahiko justua dutenak, gainera. Hiru gai hauetaz hitz egiteko, material didaktikoa ere prestatu nuen bere garaian, Hezkuntza Programak bihurtuz (edo asmo horrekin, behintzat!). Oso emaitza onak eman duten programak dira, hainbat herritako eskoletan urte askotan erabili direnak, eta egun oraindik ere erabiltzen direnak. Balorazioetan irakasleek horixe aipatzen dute, aitzakia ezin hobea direla ur sakon horietan murgiltzeko. Bestetik, aipatu ipuin pertsonalizatuak ere idazten ditudala, eta behin edo behin oso azalpen konplexuak emateko eskatu izan didatela. Adibidez, ipuin bat daukat, ernalketa artifizialaren bidez sortu zen, eta, ondorioz, aitarik ez zuen haur bati kontatzeko enkargatu zidatena.

-Zure ibilbidea eta curriculum-a, aipatzekoa da: Pedagogia ikasi zenuen baina aktore lanetan ibili zara ere, irakaslea, idazlea,... baina 2004tik hona, ipuinetik bizi zara. Zaletasuna ogibide bihurtu duzu?

-Bai. Egia esan, nik uste gustuko lanbideek, zaletasunek eta gaiek bat egin zutela ipuinak kontatzen hasi nintzenean. Berez, beti maite izan ditut istorioak entzutea eta baita kontatzea ere. Urteekin gero eta kontzienteagoa naiz ahozkotasunak eta hitzek beraiek ere nolako indarra eta 'menpekotasuna' sor dezaketen, edo berez sortu didaten niri. Edozein egoera askoz ere interesgarriagoa eta ederragoa iruditzen zait hitzak lagun direnean. Elikatu egiten naute. Elikatu egiten gaituzte gizakiok. Aldi berean, ahozkotasuna arma ezin hobea iruditzen zait gizartean gaur egun dagoen pandemia teknologikoari aurre egiteko, batez ere aurrez aurrekoa denean.

Emanaldi askoren ondoren, abenduan oraindik iristeke daudenak

  • Abenduak 19 Irungo Urdanibiako Auzko Elkartean 11.30etatik hasita, ipuinak.

  • Abenduak 29 Hondarribiko Udal Liburutegian 11:30etan 4-7koentzako ipuinak.

  • Abenduak 29 Andoaingo Ludotekan 17:00etan ipuin saioa

  • Abenduak 30 Irungo Ekoetxean 11:30etan ipuinak

Hitza, 'arma' bakarra

-Mozorroa, panpinak edo zerbaitetaz baliatzen zara zure emanaldietan?

-Hasiera batean bai, oso antzerkilaria nintzen. Ia-ia monologoak egiten nituen. Gaur egun gero eta gauza gutxiago eramaten ditut. Erosotasunarengatik, hitz soilaz aritzea interesgarriagoa delako eta, jakina, baita koronabirusa berarengatik ere.

-Zer eduki behar du ipuin kontalari on batek?

-Animalia izan behar du! Edo, hobe esanda, animalia asko eduki behar ditu bere barnean; izurdearen enpatia, ipuinekin komunikazioa lortzeko; kamaleoiaren bihotza, saioetan suertatuko diren ezustekoetara egokitzeko; behiaren urdaila, hobekuntzak aurkitzen lagunduko dioten hausnarketak egiteko; paumaren beharra bere alderdi ederra erakusteko (exhibizionismo osasungarria); txinpantze baten umore eta arintasuna batetik bestera mugitzeko…(izan fisikoki, izan mentalki…); elefante baten memoria, horrenbeste ipuin ongi gogoratzeko; igaraba baten arima jostaria, bere lanarekin asko, asko, asko gozatzeko…

-Nola izan da zure lana pandemia garaian?

-Pandemia garaian bideoei esker bizirautea lortu nuen, saio asko grabatuta eskaini nituelako. Hala ere, ezjakintasun eta beldur handiko garai gisa gogoratuko dut beti.

-Zelan ikusten duzu zure etorkizuna edo zerbait aurreratzerik badaukazu?

-Egia esan, oraindik ere ipuinetik bizitzen ikusten dut nire burua. Banketxeei ez zaie asko gustatzen (agian konpetentzia direlako, haiek ere ipuin franko kontatzen dizkigutelako) eta maileguak eskatzeko orduan arraro samar begiratzen digute, baina, hala ere, nire uste apalean kontalaritzak munduko lanik ederrenetako bat izaten jarraitzen du. Bestaldetik, gero eta gehiago maite ditut ipuinak beste alor batekin ezkonduta egin daitezkeen sormen lanak. Tarteka egiten ditut, bai. Ez dakit nire etorkizuna hori ote den. Batek daki. Kontalaritzak duen alderdirik gogorrena, ezjakintasun ekonomikoaz gain, errepidean ematen ditugun orduak direla kontuan hartuta, badakit iritsiko dela lanbide hau uzteko eguna. Noiz? Auskalo! Agian hartuko duzuen hurrengo kafea nik zerbitzatuko dizuet… Bitartean… ipuin on!!

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Ipuinek gai, mami, botere katartiko eta irakaspen erakargarri eta bizigarriak dituzte»

«Ipuinek gai, mami, botere katartiko eta irakaspen erakargarri eta bizigarriak dituzte»