Indarkeriaz
Indarkeriak epe motzera soilik lor dezake bere helburua, epe luzera ez
Hannah Arendt eta Walter Benjamin elkarren ezagunak ziren Parisko erbestealditik. Gainera, Arendten lehen senarra, Gunter Anders, Benjaminen lehengusu txikia zen, familiakoa beraz. Arendtek Benjamini «perla-arrantzale» deitzen zion, sakoneraino luze sartzeko zuen joeraren kariaz. Arendt Gursen itxi zuten frantsesek, baina ihes egitea lortu zuen. Datuen bila ibilita, Arendt Gursen egondakoan ez zen han euskaldunik, ez espainiarrik ere tartean. Lehenago bidali zituzten, batzuk Espainiara, Francoren eskuetara beraz, edo lan-batailoietan lerrokatu zituzten, esklabo gisa, edo alderrai zebiltzan. Jende gutxik daki, oraindik ere, non dagoen Gurs. Arendtek kontatzen du, Lurdesen zeudela, xakean jokatzen zuela Benjaminen aurka. Benjaminek ez zuen muga igaro eta Portboun geratu zen hilik. Arendtek Ameriketara iristea lortu zuen. Biek ala biek indarkeria klase zehatz bat ezagutu zuten, nazismoak erabilitakoa; biek utzi dute arrasto latza gure pentsamenduan.
Arendten 'Indarkeriaz' kaleratu da euskaraz, Itziar Díez de Ultzurrun Sagalàk itzulia. Hitzaurrea Mario Zubiagarena da. Hitzaurrea irakurrita, bi ondorioetara iritsi naiz, hitzaurregilea ez dela ni bizi izan naizen herrian bizi izan, batetik; bere garaiaz mintzatzen dela, ez Arendtenaz, bestetik. Bakoitzak bere suari putz. 1969an idatzitako liburua da. Gertatuak ziren Berkeleyko, Parisko eta Berlineko istiluak edo matxinadak. Pariskoa geratu da gure oroimenean eta gure mitoetan maitalearen ile-adats finaz lotua. Arendetek berak kontatzen du: De Gaulle jenerala Jacques Massu torturagilearekin bildu zen, frantses armadaren bedeinkapena eskuratu nahian. Adibide hori jartzen du Arendtek frogatzeko indarkeriak epe motzera soilik lor dezakeela bere helburua, epe luzera ez, eta askotan, ez beti, espero den kontrako bidetik. Gerra hotza bizi zen (baina hala ere «gerra»); horrekin batera, ikasleen goranahia, arrazakeriaren aurkako iskanbilak, Vietnamekoa, non frogatua geratu baitzen Arendten teoria bat, indar gehiagok ez dakarrela garaipenik, bat eginda dagoen gizarte (edo herri) baten aurka bada. Boterea eta indarra ezberdinak dira, botereak ez du indarra sorrerako eta ez du indarra lagun; indarkeria botererik ez dagoenean sortzen da, Arendten arabera. «Denak Baten aurka» da boterearen funtsa; «Bat Denaren aurka», indarkeriarena.
Walter Benjaminek 'Indarkeriaren kritika bat' idatzi zuen, Arendtek ezagutzen zuena. Benjaminentzat indarkeria bitarteko hutsa izan daiteke, xederik gabea, hala nola greba orokor proletarioa edo maitasuna: indarra indarragatik. Greba proletarioa maitasunaren mailara ekartzeak Benjaminen sen poetikoa indartzen du. Arendtentzat indarkeriak justifikazioa behar du, gidari bat, ekintza bera zuritzeko: helburu jakineko bat. Izan ere, indarkeriaren justifikazioa bere ezinbestekotasuna da, bere nezesidadea. Benjaminek idatzi zuen zuzentasun-egoerari indarrak eusten diola, eta zuzentasuna bera ez dela bitarteko, xede baizik. Arendt ez zen iritzi berekoa, botereak legeak sortzen dituela idatzi zuen eta legeak indarrak gordetzen. Baina legeak, berez, ez du indarrik behar zabaltzeko, jendearen onarpena baizik. Benjaminen teorian denboraren jarraitutasuna galdu egiten da, ez baitu denbora lineala, segidakoa ikusten. Arendtek bere denborarako idazten du, ez gerorako.
'Indarkeriaz' idatzi zuenetik berrogeita hamar urte igaro dira. Denboraldi horrek gure ikuspegia ere aldatu du, indarkeriari buruz izan dezakegun iritziaz batera.