Ibilaldia eta Araba Euskaraz egun berean ospatuko dira: urriaren 18an
Ikastolen elkarteak adierazi duenez, Nafarroa Oinez datorren urterako atzeratuko da aurtengo jaia egiteko «baldintzak ez direlako ematen»
Nahikari Cayado
Asteazkena, 20 maiatza 2020
«Udazkenean udaberri berri bat izango dugu Euskal Herrian». Hitz horiekin iragarri dituzte Ikastolen Elkarteetako kideek aurtengo maiatza eta ekainean ospatu gabe geratu diren jaialdien data berriak. Jakina denez, koronabirusak eragindako alarma egoera honen ondorioz bertan behera geratu dira Ikastolen alde egiten diren festak, beste hainbat egitasmo kulturalekin gertatu den antzera. Egoerari irtenbidea jarriz, lurralde guztietako ordezkariak elkarlanean aritu izan dira daten egokitasuna ikusten eta jarritako helburuak bete ahal diren aztertzen. Azkenean, iraila eta urria aukeratu dituzte ospakizunak aurrera eramateko hilabetetzat.
Orain egun gutxi Herri Urrats irailaren 20an, Senperen, ospatuko zela iragarri bazen, Bizkaiko eta Arabako jaialdien datak gehitu behar zaizkie orain. Ibilaldia urriaren 18an ospatuko da Elorrion, Araba Euskaraz Amurrion egingo den data berean. «Bi jaiak egun berean izango dira, bi herri eta lurralde desberdinetan, baina bien arteko lotura ere egingo dugu», aurreratu du Pello Jorajuriak Seaskatik. Kilometroak, bestetik, urriaren 4ean izango da, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen. «Datak gerturatu ahala, ikusiko dugu aurrera egin dezakegun edo atzera egin beharko dugun, baina gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko», adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakaria den Koldo Tellituk.
Aurkezpenean ezagutzera eman dutenez baina, euskal ikastolen bosgarren jaialdia, Nafarroa Oinez, bertan behera geratu da. Datorren urtera atzeratu dute, fundazioak zein Lizarrako ikastolak –aurtengo arduradunak- «jaia ospatzeko baldintzak ez direla ematen» aitortu baitute. Ikastolen Elkarteak azaldu duenez, hartutako neurri hori «kolpe latza da Nafarroako ikastolentzat eta bereziki Lizarra ikastolarentzat, baina orain arte egin dugun moduan, elkartasun ekimenak gure artean bultzatuz aterako gara honetatik ere».
Hortaz aparte, antolatzaileek «ardura eta erantzukizunez» jokatuko dutela adierazi dute, eta noski, osasuna bermatzeko baldintza guztiak ezarriko dituztela nabarmendu dute ere bai. Zentzu horretan, formatu egokituak, jan-edana baldintza seguruetan eskaintzea edota garbiketa sakontzea izango dira hartuko dituzten neurrietako batzuk.
Jai horien guztien helburuak zeintzuk diren gogora ekarri nahi izan dituzte ere. «Auzolanaren bitartez ikastolakideon artean, ikastolen artean eta ikastolen eta herrietako eragileen artean harremanak estutzen ditugu, euskal kulturari bost plaza handi eskaintzen dizkiogu gure jaien bitartez, euskarari bozgorailu handi bat jartzen diogu eta hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzen dugu», erantsi dute ere.
60 mila euroren zozketa
Beste alde batetik, Euskal Herriko ikastolen alde eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio baten alde aurten atera dituzten TANTA txartelak eskuratzeko epea urriaren 21era arte luzatu dute. Gogoratu, txartelaren truke 60 mila euroren zozketa batean sartzeko aukera izango da. «Beraz, garaiz zabiltzate. Busti zaitezte TANTArekin!», adierazi du Tellituk.