Ibilaldia Sopelan eta Leioan ospatuko da maiatzaren 30ean, 'Kalakalata' lemapean
Hala, bi udalerrietako Ander Deuna eta Betiko Ikastola arduratuko dira egitasmoaren antolakuntzaz
UNAI SARRIUGARTE
Osteguna, 26 azaroa 2020, 22:01
Ibilaldia Sopelan eta Leioan ospatuko da datorren maiatzaren 30ean, 'Kalakalata' lemapean. Hala, bi udalerrietako Ander Deuna eta Betiko Ikastola arduratuko dira egitasmoaren antolakuntzaz. Nahiz eta koronabirusaren pandemia tarteko egon, Bizkaiko ikastolen aldeko festak iragarri egin du datorren urtera begira dituen erronkak. Hori dela medio, Ibilaldiaren baloreak mahaigaineratzea sekula baino garrantzitsuagoa dela aldarrikatu zuten ostegunean, Bilboko Plaza Berrian kokatuta dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan emandako prentsaurrekoan.
Datorren urteko ekimenak ikastolen eredua indartzea, herriko elkarte eta erakundeekiko harremanetan sakontzea eta bi ikastola horietako eraikinak zaharberritu eta egokitzea izango dute xede. Bertan euskara hizkuntzaren nahiz euskal kulturaren aldeko ekintzak atontzea bilatuko dute, berdintasuna, hezkidetza eta jasangarritasuna betiere aintzat hartuz.
Datorren urteko Ibilaldiaren leloa den 'Kalakalata!'ren erabakian hainbat eragilek parte hartu dute, ikastoletako gurasoek, ikasleek eta bi zentroetako langileek, hain zuzen ere. Hitz horrek bizkaierari egiten dio erreferentzia, 'kalata' hitzari, alegia. Askotan Kantauriko klima honek barru barruraino bustitzea dakarrena, horietako batzuetan ere deseroso sentitzea eragiten duena. Logo gisa, berriz, goitik behera bustita, saltoka eta pozik dabilen pertsona baten irudia hautatu dute, ekimenaren bizitasuna ikaragarria dela helarazi nahian.
Era berean, egitasmoak bere gain duen konpromisoa ere eman nahi izan da aditzera, Euskal Herriko lurralde historikoetako ikastolen proiektu ezberdinekin jarraitzea egundoko konpromisoa baita. Hori dela bide, euskal lurraldeko ikastola guztiak norabide berean abiatu behar direla adierazi dute, xede komunak finkatuz, euskara eta euskal kulturaren hedakuntzan eta sorkuntzan jarraitzeko helburuarekin.