Ver 25 fotos
Ondarroako Ibilaldia «arrakasta handia» izan da
Zubi Zahar ikastolak antolatutako Bizkaiko ikastolen jaiaren 41. edizioan kontzertuak, lasterketak, erraldoiak eta kalejirak izan dira nagusi. Eguna zeru lainotuarekin hasi da, baina gero eguzkia agertu da herrian. Antolatzaileek esan dutenez, «oso pozik gaude dena bikain atera delako»
Mikel Garcia
Domingo, 21 de mayo 2023, 12:01
Ibilaldiaren 41. edizioa «arrakasta handia» izan da. Antolatzaileak «oso pozik» daude «dena bikain» atera delako, «bai antolakuntzari dagokionez, bai eguraldiari dagokionez». Izan ere, milaka euskaltzale hurbildu ziren lehen ordutik Bizkaiko ikastolen ekitaldira.
Publicidad
'Turrun Hotsa'ren soinuak euskara aldarrikatzeko harrera egin zion Ondarroari, eta, lehen ordutik, euri faltak lagundu egin zuen asistentzia helburua betetzen, Senpereko Herri Urratsek pasa den asteburuan izan zuen porrotaren kontrara.
Bizkaiko ikastolen jaia 10.00etan hasi zen ibilbidearen lehen gunean, eta bertan izan ziren Eider Galarraga ikastolako lehendakariak, eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, besteak beste, ekitaldiaren aurkezpena egiten.
Gogorarazi zutenez, herri bizkaitarrean antolatu den hirugarren edizioa izan zen igande honetan bizi izan genuena, 1993an eta 2011n ere bertan ospatu baitzen. Aurtengo edizioa, beraz, ingurune euskaldun batean egin da, Eustateko 2021eko datuen arabera, udalerri bizkaitarreko herritarren %76,6 euskalduna baita.
Lehen minutu horietan, datorren urteko Ibilaldiaz hitz egiteko denbora ere izan zen, eta Zubi Zahar Herri Ikastolak Ibilaldiaren lekukoa pasa zion Algortako San Nikolas-ekoari. Azken horren arduradunek adierazi zuten 2024ko edizioa prestatzen Zubi Zahar ikastolako komunitatea bezain gogotsu ariko direla.
Publicidad
Kalitatezko euskara bultzatuz
Esan bezala, goizeko inaugurazio ekitaldian Eider Galarraga, ikastolako lehendakariak hasiera eman zion ospakizunari. «Herrian 'Ibilaldixe' esaten dugu eta horregatik da 'Xe' aurtengo leloa, Ondarroan horrela hitz egiten dugulako», azaldu zuen.
Ikastolako abesbatzaren txanda iritsi zen ondoren, eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eszenatokitik agurtu zituen talde horren kideak. «Lan bikaina egin duzue», esan zien. Horrez gain, euskararen ezagutza «etengabe» hazten ari dela adierazi zuen, baita kalitatezko euskara bultzatzen jarraitu behar dela ere.
Publicidad
Berarekin izan ziren Estibalitz Urizar eta Ane Martinez Zubi Zahar ikastolako zuzendariak, Elixabete Etxanobe EAJren diputatu nagusirako hautagaia, eta Zunbeltz Bedialauneta eta Juan Mari Aburto Ondarroa eta Bilboko alkateak.
Hasiera ekitaldia girotzeaz gain, aurtengo edizioaren abestiak, 'Turrun Hotsa'k, gune ezberdinetan entzun ahal izan genuen. Axular Arizmendik sortu du marinel guztiak omentzeko, eta euskal instrumentuen soinuak musika elektronikoarekin nahastu ditu, baina euskal tradizioak eta sustraiak gogora ekarriz. Aiora Renteriak eta Eñaut Elorrietak jarri dute ahotsa.
Publicidad
Ibilbideari dagokionez, aurtengoak bost kilometroko luzera izan zuen, eta lau gunetan banatuta egon zen: Zubixe, Mazixe, Herrixe eta Talaxe. Hala, eguna aurrera egin ahala, 12.30ean, Goazen telesaileko aktoreen karaokeaz gozatu ahal izan zuten lehenengo geldialdi horretara bertaratutakoek. Ikuskizuna hasi bezain pronto, haurrak gurasoen sorbaldetara igo ziren kontzertua behar bezala ikusteko eta 'Bizi alai, lagunekin blai' euren idoloen kanta abesteko, besteak beste.
Halaber, bertan ere izan ziren zirkua eta haurrentzako beste ikuskizun batzuk, erromeria, herri bazkaria eta BBK klima tailerra, besteak beste. Ordurako eguzkia agertu zen Ondarroan, goizean zerua lainotuta egon ondoren.
Publicidad
Xabi Solano, Bad Sound, Dupla...
Mazixe bigarren gunean jai giroa izan zen nagusi, eta, bertan, Dena, Xabi Solano, Bad Sound eta Dupla kontzertuez gozatu zuten euskaltzaleek. Herrixe hirugarren gunean, bestalde, bertso emanaldiak, Bizkaiblus eta Erronka ikuskizunak, shibari tailerrak, eta Errieta erromeria egon ziren.
Azkenik, Talaxe laugarren gunean, Kaiku antzezlanaz, sukaldaritza tailerraz, bizikleta ginkanaz, Dj Bull eta DJ Elepuntoren emanaldiez eta Anje Duhalde kantautorearen kontzertuez gozatzeko aukera izan zen. Gainera gune guztietan etxeko produktuak saltzen ibili ziren baserritarrak, hala nola, euskal pastela, palmerak eta magdalenak.
Noticia Patrocinada
Guztira, 26 ekimen eskaini ziren igande honetan, horietatik 18 lau guneetan izan zirelarik, beste zortzi ibiltariak izan ziren bitartean.
Garraioari dagokionez, Trañatik ordu erditik behin autobusak irten ziren Ondarroara, 09.50etik 13.30era; eta Ondarroatik Trañara, 17.10etik 20.50era. Gainera, autoz hurbildu behar izan zutenentzat lau aparkaleku egokitu ziren, bi Bizkaitik zetozenentzat, Gardotxa industrialdean eta Cikautxo kooperatiban, eta beste bi Gipuzkoatik zetozenentzat, Saturraran hondartzan eta Mijoa industrialdean. Horrez gain, transbordadore zerbitzua egon zen, eta ostiraletik igandera, Saturraranen autokarabanentzako lekua egokitu zen.
Orain hurrengo urteko Ibilaldia prestatzen hasiko dira Getxotarrak aurtengo edizioa bezalako jai polita prestatzeko. Hori 42. edizioa izango da.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión