Ibilaldia igandean ospatuko da modu berezian, etxetik eta internetez
Ikastolen jaialdia urriaren 18an egingo bada ere, iganderako ikuskizunez beteriko programazio berezia prestatu dute webgunean
Nahikari Cayado
Asteazkena, 27 maiatza 2020, 23:13
Bizkaitarren bihotzean, baina batez ere ikastolak maite dituztenen bihotzetan, ahaztu ezinezko hitzordua da Ibilaldia. Urtero, maiatzaren azkeneko igandean ospatu izan da, eta aurtengo deialdia igande honetan, 31an, ospatzekoa zen Elorrion. Hala ere, eta denok dakizkigun arrazoiak direla eta, urriaren 18ra atzeratu behar izan da aurten jaialdia. Bizi dugun egoera honi aurre egiteko asmoz baina, data ofiziala mantendu eta igandean festa digitala ospatuko da Ibilaldiaren webgunearen bidez. Musika, bertsoak, dantzak edota magia ikuskizunak izango dira egitarauaren protagonistak.
Aurtengo leloak adierazten duen bezalaxe, Helhorri, -'heldu horri' esamoldearekin eta Elorrio izenarekin egindako hitz jokoak-, Ikastola bizkaitarrak egunari heldu egingo dio «indarrez eta gogoz». Bertako Ibilaldiaren antolatzaileek, Txintxirri Ikastolako kideek, azaldu dutenez, «gure egutegian egun berezia den maiatzaren 31 ospatu nahi dugu: #helIbilaldiari #helegunari #helhorri». «Ohiko egoeran, aste honetan azken zehaztapenak lotzen egongo ginen, ikastola apaintzen eta Elorriora etortzekoak ziren milaka euskaltzaleei harrera egiteko prestaketak egiten», diote Txintxirritik penatuta.
Hala eta guztiz ere, gogotsu agertu dira eta zoritxarrezko egoera honi aurre egiten jakin izan dute. Haur zein helduentzat dibertigarriak izango diren egitasmo ugari antolatu dituzte bi ordutako epean burutzeko. Saio berezi hori Ibilaldiko web gunearen bidez jarraitu ahal izango da goizeko 11.00etatik aurrera.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, Txintxirri Ikastolako guraso, ikasle, langile eta irakasleek hartuko dute parte ikuskizunetan. «Beste ikastoletako ikasleak ere animatu dira beraien ekarpenak bidaltzen», nabarmendu dute. Hori dena gutxi balitz, gainera, arte eta ikuskizunen munduko lagun asko ere agertuko direla ezagutzera eman dute.
«Ahalegin berezia»
Ibilaldia ospatzeko irrikitan daude, baina badakite urriaren 18ra arte itxaron beharko dutela horretarako. Ildo berean, gizarteari zor dioten erantzuna emateko «ahalegin berezia» egingo dutela jakinarazi dute. Ibilaldiak hasieratik definitu dituen helburuak betetzeko, gainera, «arduraz eta erantzukizunez» jokatuko dutela azaldu dute, «baldintza seguruetan nahi dugun Ibilaldia egiteko, sormena landuz eta elkarlanean», gehitu dute.