'Hitzetik hortzera' saioaren denboraldi berria gaur eskainiko da
Programa ezohiko egoera batean dator, gaur egun ezinbestekoak diren osasun segurtasun distantziak errespetatu behar izatea eta baita plazen edukiera erabat murriztea eragin duena
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 11 iraila 2020, 23:25
'Hitzetik hortzera' saioaren denboraldi berria gaur eskainiko da. Programa ezohiko egoera batean dator. Izan ere, plazak arraro xamar daude, gaur egun ezinbesteko diren osasun segurtasun distantziak errespetatu behar izatea eta baita plazen edukiera erabat murriztea eragin duena. Beste sektore guztiak bezala, koronabirusak ere bete-betean astindu du bertsolaritzaren mundua.
Lehendabiziko uneetan bertsolaritza saioak birtualki ospatu ziren. Ondoren, publikorik gabeko aurrez aurreko saioak etorri ziren. Egun, aldiz, 'Hitzetik hortzera' edukiera mugatua aurkezten duten plaza eta antzokien garaian dator.
Hala, larunbat honetako lehendabiziko saioan, martxotik gaur egunera arte jazotakoaren eta etorkizunean etorriko denaren inguruan ibiliko dira zenbait bertsolari, hala nola, Amaia Agirre, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Peru Abarrategi.
Era berean, denboraldi honetan bertsozale ezberdinen bertsoaldi kuttunenak zeintzuk ote diren jakiten jarraituko dute ikus-entzuleak. Atal honetan Berara salto egin, eta Ane, Ekhiñe, Lide eta Nimbe Bortzirietako bertso-eskolako kideak ezagutzeko parada egongo da, baita euren bertsoaldi gustukoenak ezagutzeko aukera ere.
Nahiz eta plazetako bertsoaldiak azken asteotan murriztu, orain ez dira faltako. Hala, datozen asteotan hainbat plazatan egindako saioak aztertuko dira: Maiatzean Antzuolan egin zen jendaurreko lehen saioa, uztailean Ereñotzuko plazan egindako urterokoa, edota Donostian abuztuan ospatutako hitzorduak ikusteko abagunea egongo da, baita Gasteizen, Ondarroan eta Lizartzan egindako saioak ere.